- Harrera-familia izateak familiaren bizitza aldatzen du, baina etxean hartutako adingabearen bizitzari ere itxaropena ematen dio. Familia harrerak adingabeengan duten garrantziari buruz kontzientziatzeko, Arabako Foru Aldundiak astelehen honetan ekingo die informazio hitzaldiei, herritarrak familia-harrerara hurbiltzeko.

Horrela, eta atzo Aldundiatik jakinarazi zutenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, babes gabezia larrian dauden adingabeen familia harrerari buruzko informazio hitzaldi presentzialei ekingo die astelehenetik aurrera, hilak 27, uda igaro ondoren. Ildo beretik, gaineratu dute, hitzaldiak berriz hasteko, covid-19ren aurkako neurriak beteko direla, eta, beraz, aldez aurretik izena eman behar dela. Honako egun hauetan izango dira harrera kanpainako hitzaldiak urte amaiera arte: irailak 27, urriak 18, azaroak 15 eta abenduak 20 eta hitzaldiak 17:30etik aurrera egingo dira Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. “Familia profil eta mota guztiek har dezakete haur bat harreran: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek. Interesdunak harremanetan jar daitezke eta familia harrerako programan izena emateko eskatu, honela: 945 77 30 52 telefono zenbakira deituz edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idatziz”, azaldu eta gaineratu zuten: “Familia harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren umeei berea ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena; harrerari esker, aldi berean, beren gurasoekin harremanetan jarrai dezakete kaltea konpontzeko. Adin txikiko asko daude foru sareko etxebizitza eta zentroetan, eta aukera dago familiek haiek harreran hartzeko”.

Azkenik, Aldundiatik ere jakinarazi zuten interesa duen edonor joan daitekeela hitzaldietara. “Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte saioetan”, azpimarratu zuten. “Hitzaldietan, harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratuko dira; informazioa emango da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan; protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamikoaren bidez”, ondorioztatu zuten atzo Arako Foru Aldundiatik.