Emakume eta neska askok pairatzen duten sexu-esplotazioari aurre egitea. Horixe da Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek beren indarrak batu eta koordinazioa indartzeko duten helburu nagusia.

Gaur Sexu-esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, atzo, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, hainbat erakunde eta gizarte-eragile elkartu ziren arazo hori eztabaidatzeko. Emakundek koordinatzen zuen mahaia, eta hauek osatu zuten: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek, Ertzaintzak, Fiskaltzak, Gobernuaren Ordezkaritzak, hiru foru-aldundiek eta gizarte-eragileek, hala nola Cáritas-ek, Cear Euskadik, Munduko Medikuek, Hiesaren Aurkako Batzordeak, Gurutze Gorriak, Gizarterako, Askabidek, Oblatasek eta Accemek. Bilera horretan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria buru zela, mahaiak erabaki zuen talde espezifiko bat sortzea Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien artean, besteak beste, kasuak bideratzeko protokolo bat ezartzeko. Talde honen lana funtsezkoa izango da Euskadin emakumeen eta nesken giza eskubideen urraketa horri erantzuteko beharrezkoa den koordinazioari begira.

Ildo beretik, Landaidak azpimarratu zuenez, "erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia giza eskubideen aurkako arazo larri honen aurrean" eta, era berean, guztiz beharrezkotzat jo du "erakunde eta eragile sozial ezberdinen arteko elkarlana".

Bestetik, Mahaiak berretsi egin zuen 2020an eta 2021ean Mahaia osatzen dutenek salerosketaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak finkatzeko helburuarekin landutako barne-dokumentua. "Helburua da adierazle komun horiek Euskadin sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta, horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea", azaldu zuten Emakundetik. Carmen Meneses irakasleak egindako azken txostenean zehaztu zutenez, salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza "zaila" da zehaztea. Hori horrela da hainbat arrazoirengatik. Hala ere, uste da kopuru hori prostituzioan ari diren pertsonen % 10 eta % 15 bitartekoa izango litzatekeela.

Mahaiaren 2022rako jarduera-planean, Gobernuaren eta Aldundien arteko talde espezifikoa abian jartzeaz eta adostutako adierazle komunen erabileran aurrera egiteaz gain, nabarmentzekoa da, halaber, salerosketa-kasuekin kontakturen bat duten hainbat eremutako profesionalei zuzendutako prestakuntza-proposamena, besteak beste, genero-indarkeriaren eta atzerritartasunaren ofiziozko txandari dagokiona; ikerketa-lanak, informazioa, prestakuntza eta sentsibilizazio-lanak bateratzea; "hala nola egoitza-mahaia osatzen duten erakundeek egoera hobetzeko hainbat baliabide babesten jarraitzea, bizitokiari buruzkoak, osasunari buruzkoak edo arlo horretan sentsibilizatzeko edo prebentzioa egiteko diru- laguntzei dagozkionak, besteak beste", ondorioztatu zuten bileran.

Lan horrekin eta erakunde publiko guztien eta elkarte eta entitate desberdinen errefortzuarekin, emakumeek eta neskek jasaten duten sexu-salerosketaren aurka indar handiagoz lan egin nahi da. Elkarteek ere urteko ikastaroak ematen dituzte herritarrak arazo horretaz kontzientziatzeko.

Zertan egiten dute lan?. Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, Euskal autonomia-erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez. Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz.