Europa Biltzar Jauregian jardunaldi bat ospatu zen atzo, hilaren 19an ospatutako Hanturazko Gaixotasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Jardunaldi hori Accu Araba Crohn eta Kolitis ultzeraduna duten pertsonen elkarteak antolatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Janssenen laguntza izan zuen.

Hala, elkartetik egunkari honetara azaldu zutenez, jardunaldi horien helburua da batzuetan oharkabean gertatzen den gaixotasun horren inguruan kontzientziatzea. José Luis Quintas Osasun sailburuordeak inauguratu zuen ekitaldia, eta bi zatitan banatu zen. Alde batetik, goizeko jardunaldia eta, bestetik, arratsaldez ponentzia gehiago. Zehazki, 13:00etatik 14:00etara, Ariane Calvo eta Zuriñe García arduratu ziren hitzaldietaz (Txagorritxuko Hepatologia, Gastroenterologia eta Nutrizio Pediatrikoaren Ataleko eta Txagorritxu Pediatria Zerbitzuko mediku laguntzaileak).

Biek gaixotasun hori etapa pediatrikoan eman daitekeela azaldu zuten.

Arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara, Begoña Álvarez eta Sandra Estrecharen txanda izan zen (Txagorritxuko Digestio Zerbitzukoak), Carlos Valdazorekin batera (Txagorritxu Ospitaleko Farmazia Taldeko farmazialaria). Hiru parte-hartzaileen artean hesteetako gaixotasun inflamatorioari buruz hitz egin zuten, eboluzio-mailan, eta ospitaleko farmazian ere jarri zuten arreta, paziente horiei arreta zuzena nola eman behar zaien.

Hala, jardunaldi horretaz baliatu ziren gaixotasun horren berri emateko, herritar askorentzat oharkabean pasatzen baita, Cynthia García Accuko gizarte-langileak egunkari honetan azaldu zuenez. "Hesteetako gaixotasun inflamatorioa da (HGI) eta barne hartzen ditu kolitis ultzeraduna (KU), Crohn gaixotasuna (CG) eta sailkatu gabeko kolitisa", esan eta erantsi zuen: "Kausa ezezaguneko nahasmenduak dira, hestean askotariko sakonera eta hedapeneko lesioak eragiten dituen erantzun immune neurrigabe bati lotuak. Sendatzen ez diren gaixotasunak dira; eboluzio kronikoa dute, agerraldiekin. Hala ere, gaixotasun horietan erremisio- eta berreritze-aldiak txandakatzen dira".

Ildo horretatik jarraituz, bertan azaldu zutenez, HGIk gehienbat digestio-hodiari erasaten badio ere, digestio-aparatuz kanpoko konplikazioak ere ekar ditzake, giltzadura, larruazal, begi edo mukosetan batez ere. Hori dela eta, "espezialista edo elkarte askok -GETECCUk (Crohn-en Gaixotasunari eta Kolitis Ultzeradunari buruzko Espainiako Lantaldea), adibidez-, era horretako pazienteentzako arreta diziplina anitzeko ikuspegitik eman beharra nabarmentzen dute".

Bestalde, gizarte-langileak atzo azaldu zuenez, gero eta gehiago dira gaixotasun horietako bat duten pertsonak. Zehazki, azken hamarkadetan intzidentzia-tasak eta hesteetako gaixotasunaren prebalentziak hazkunde izan dute. "Espainian, KUri dagokionez, 5-12 kasu berri diagnostikatzen dira urtero 100.000 biztanleko eta CGri dagokionez, 3,5-9,5 kasu berri 100.000 biztanleko", dio. HGI-ren jatorria ezezaguna de arren, "ikerketa desberdin askok bat egiten dute aspektu batean: gaixotasunaren sintomak okerragotzen dituzten zenbait faktore sortzaile daudela", adierazi zuen.

Hauen artean aurkitzen dira, adibidez: "Estresa (pertsona batzuetan gorabehera emozional batek agerraldi bat eragin dezake); betetze falta sendagaiak hartzerakoan, edota dosi okerra hartzea; zenbait sendagaien gehienezko erabilera, antiinflamatorio ez esteroideo (AIZES) edo antibiotikoak esaterako; elikagai batzuk jatea (zenbait elikagai agerraldiak sortu ditzakete) eta erretzea: ikerketek erretzeak Crohn gaixotasuna duten gaixoetan kontrako ondorioak eragiten dituela egiaztatu dutela dio. Ultzeradun kolitisaren kasuan, ebidentzia kontraesankorra dago erretzeari dagokionez, baina oro har erretzea kaltegarria da osasunarentzat".

Xehetasunez

Jardunaldiak. Europa Biltzar Jauregian jardunaldi bat ospatu zen atzo, hilaren 19an ospatutako Hanturazko Gaixotasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Jardunaldi hori Accu Araba Crohn eta Kolitis ultzeraduna duten pertsonen elkarteak antolatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Janssenen laguntza izan zuen.

Konplikazioak. HGIk gehienbat digestio-hodiari erasoten badio ere, digestio-aparatuz kanpoko konplikazioak ere ekar ditzake, giltzadura, larruazal, begi edo mukosetan batez ere. Hori dela eta, "espezialista edo elkarte askok -GETECCUk (Crohn-en Gaixotasunari eta Kolitis Ultzeradunari buruzko Espainiako Lantaldea), adibidez-, era horretako pazienteentzako arreta diziplina anitzeko ikuspegitik eman beharra nabarmentzen dute".

ESALDIA

"Kausa ezezaguneko nahasmenduak dira, hestean askotariko sakonera eta hedapeneko lesioak eragiten dituen erantzun immune neurrigabe bati lotuak. Sendatzen ez diren gaixotasunak dira; eboluzio kronikoa dute, agerraldiekin. Hala ere, gaixotasun horietan erremisio- eta berreritze-aldiak txandakatzen dira. Espainian, KUri dagokionez, 5-12 kasu berri diagnostikatzen dira urtero 100.000 biztanleko", azpimarratzen du Accuko gizarte-langileak.

EGITASMOA

Komuna arin erabili behar dutenak

'Beharra daukat'. Beharra daukat! egitasmoa kutsakorra ez den osasun-arazoa edukita, komuna presaz erabili behar duten pertsonentzat pentsatua dago. "Gaixo hauen arazorik larrienetarikoa eta benetan arduratzen duena, etengabe eta batzuetan ustekabean, komunera joan beharra da", esan eta gaineratzen dute Accu elkartetik: "Zenbait pertsonek, egoera honen aurrean, bere bizitza-kalitatea gutxietsita ikusten dute, etxetik ateratzea edo lagunarteko harremanak mantentzea zaila delako erabilgarria den komun bat gertu ez badago beharra dagoenean". Hori dela eta, "hesteetako gaixotasun inflamatorioei buruzko informazioa zabaldu behar da eta kontzientzia eragin gizartean".