- Zentro pribatuek Osakidetzarekin lankidetzan dihardute, halaber, koronabirusaren aurkako borrokan eta detekzioan. Hain zuzen, atzo ospatu zen Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna, eta IMQ Prebentziotik adierazi zutenez, “lantokiak leku seguruak izan dira lehen eta badira egun covid-19aren aurrean”.

Ildo horretatik, IMQ Prebentzioko Bezeroen Kudeaketa zuzendari Esther Enalesen hitzetan, “oso kasu jakinetan izan ezik, lantokiak leku seguruak izan direla eta orain badirela esan dezakegu; izan ere, leku horietan segurtasun-distantziak errespetatzen dira, maskarak behar bezala erabiltzen dira, aldizka aireztatzen dira, garbitu egiten dira eta prebentzio-zerbitzuen araberako kontingentzia-protokoloak eta planak betetzen dira. Enpresak buru-belarri aritu dira prebentzioaren eta segurtasunaren mezua errepikatzeko, eta mezu hori sakon sartu da langileengan”. Gainera, adituak azaldu duenez, “Covid-19aren pandemia hasi zenetik, prebentzio-zerbitzuetan ari garenoi osasun-agintaritzekin lankidetzan aritzeko deitu zaigu, eta, hortaz, gure lehengo jarduera egokitu behar izan dugu helburu nagusi hauek betetzeko: lan-arloan kasuak goiz detektatzea, arrisku-mailak eta bereziki kalteberak diren langileak baloratzea eta kontaktu estuak aztertu eta maneiatzea”, esan eta erantsi du: “Aurrekoaz gain, aldi baterako ezintasunaren kudeaketan lankidetzan aritzea eta enpresei aholkuak ematea -antolaketa-neurriak eta langileentzako babes kolektiboko eta pertsonaleko neurriak hartuta- ere ditugu helburu”.

Hori dela eta, Arabako sendagile eta osasun-zerbitzu guztiek, eremu pribatuan, Osakidetzarekin batera lan egin dute eta egiten jarraitzen dute, koronabirusaren aurkako borrokan, IMQk atzo bertan gogoratu zuenez. “Pandemian zehar prebentzio-zerbitzuek osasun orokorrari eman dioten laguntza handiaren erakusgarri IMQ Prevencion izan daiteke”, adierazi zuten bertatik. Izan ere, osasun-krisia hasi zenetik, erakundeak 20.000tik gora proba egin eta kudeatu ditu, hala nola, PCRak, antigorputzen proba serologikoak eta antigenoen testak. Halaber, 14.739 PCR proba egiteko eskatu dio Osakidetzari, eta kasu baieztatuen 14.825 kontaktu esturen kontrola eta jarraipena egin du lan-arloan, eta aldi baterako ezintasuna kudeatu eta izapidetu die 4.094 langile kalteberei. “Adierazi beharra dago IMQ Prevencion-en bildutakook, guregan konfiantza duten enpresei ahalik eta zerbitzu hurbilena eta baliagarriena eman ahal izateko, pandemiaren hasieran asteburu eta jaiegunetako guardiako zerbitzu bat jarri genuela martxan, lan-arloan baieztatutako kasuen kontaktu estuak kudeatzeko. 2021ean, gaur arte bakarrik, 845 enpresari eman zaie zerbitzua asteburuetan, baieztatutako kasuen kontaktu estuen arrastoari jarraitzeko eta dagozkion PCR probak eskatzeko”, dio Esther Enalesek. “Egoerak hobera egin badu ere eta lan-arloko kontaktu estuak jaisten joan badira ere, zerbitzu hori ematen jarraitzen dugu”, ondorioztatu du.

Lana. IMQ-ko Bezeroen Kudeaketa zuzendari Esther Enalesen hitzetan, “pertsonek osasunaren zaintzan pentsatzen dutenean, ia gehienek laneko azterketa medikoa egitea besterik ez dute ikusten. Hori oso ikuspegi sinplista da, zeren eta, azterketa mediko horren atzean laneko medikuntzako profesionalen lana baitago, eta horiek arriskuen ebaluazioak eta arrisku-faktoreek langileen osasunean duten eraginari buruzko informazioa eman dezakeen edozein txosten tekniko aztertzen dituzte”, dio. “Beraz, osasunaren zaintzaren zeregin nagusia da langileei eragin diezaieketen laneko gaixotasunak saihestea eta, hala badagokio, laneko agintaritzari aditzera ematea”.