Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Begoña Etayori emango dio 2025. urteko Emakume Kartagileak saria, feminismoaren aldeko konpromisoagatik eta aktibismoagatik. Sari banaketa ekitaldia urriaren 28an egingo da Goiuri jauregian.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Berdintasun Zerbitzuak sustatutako Emakume Kartagileak saria genero berdintasunaren arloan eta indarkeria matxistaren aurka pertsonek, elkarteek, kolektiboek edo erakundeek hirian egindako ibilbidea aitortzeko ekimena da.
Emakume Kartagileak terminoak Arabako hiriburuko lantegietan soldatapean lan egin zuten lehen emakumeei egiten die aipu, nahiz eta kontzeptu zabalagoa ere jasotzen duen, emakumeek genero berdintasunaren alde egindako borrokarekin lotutako esanahi desberdinak irudikatzeko. Testuinguru horretan, historian zehar emakumeek partekatutako esperientzien eta aldarrikapenen ikurra da izena.
BIGARREN EDIZIOA
Bada, Ana Lopez de Uralde Berdintasuneko zinegotziak iragarri duenez, bigarren edizio honetan Begoña Etayo Ereñari emango diote Emakume Kartagileak saria, "feminismoaren aldeko bere konpromiso eta aktibismoa direla eta".
Etayo Maria de Maeztu Forum feministako kidea da, eta 2013an Irakurketa Feministako La hora violeta kluba jarri zuen martxan, Gasteizko Udalak sustatzen duen Jabetze Feministarako Eskolan hainbat talde dinamizatuz. "Izan ere, Etayoren ustez, irakurketa feministako klubak emakumeak banaka edo taldean ahalduntzeko iturria dira. Oso ikuspegi egokia da", gaineratu du zinegotziak.
Saria urriaren 28an banatuko da, Goiuri jauregian, eta ondoren mahai ingurua egingo da
Saria urriaren 28an banatuko da, Goiuri jauregian, eta ondoren mahai ingurua egingo da, emakumeak Arabako fabrika eremuan soldatapeko langile gisa sartu izanaren inguruan, emakume kartagileen kasuan arreta jarriz. Bukatzeko, bertaratzen direnek Itziar Yagüe abeslari eta konpositorearen eta Amaia Ureta piano jotzailearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute.