apore goxoko elkartasuna. Zaporeak irabazi-asmorik gabeko elkarteak atsedenik gabe lan egiten du egunero, Lesbosko errefuxiatuei eguneroko elikaduran laguntzeko. Hain zuzen, egunean bi mila otordu banatzen dizkiete Lesbos uharteko (Grezia) errefuxiatu-eremuetan dauden errefuxiatuei.

Juan Ignacio Arce Alaves taldeko boluntario batek azaldu du egunkari honetan ez dela lan erraza, baina bai beharrezkoa. Azaltzen duenez, Turkiarekiko duen gertutasunagatik, Lesbos uhartea Europarako sarbide nagusietako bat bilakatu da jatorrizko herrialdeetatik ihesi Egeo itsasoa zeharkatzen duten errefuxiatuentzat. "Europako Batasunak, ordea, ez du asilo eskatzaileei harrera duin bat eskaintzeko asmorik agertu, eta iritsiera fluxua etengabea denez, Greziako uharteetako errefuxiatu esparruetan izugarrizko jende pilaketak bat eragin dira azken sei urteetan zehar". Lesboseko Moriako kanpamentuan, esaterako, gobernuak 20.000 pertsona baino gehiago pilatu zituen soilik 3.000 lagunentzat diseinaturiko espazioan, "haien behar oinarrizkoenak ere asetu gabe". Espazio faltak, ura eta janaria lortzeko zailtasunak eta biolentzia ingurugiroak, besteak beste, "ezinezkoa egiten zuten halako leku batean bizitza duin bat izatea". Gainera, elkartetik azaltzen dutenez, esparruko osasun eta higiene baliabideak oso urriak dira, eskaintzen diren otorduak esakasak eta kalitatze txarrekoak dira, eta ez dago haur eta adingabeentzako inolako hezkuntza zerbitzu publikorik.

Hori dela eta, eta errefuxiatu guztiek elikadura duina izateko borrokan, Zaporeaketik janari bilketan lan egiten dute behartsuenak elikatzeko. Boluntario honek azaldu duenez, elkarte horrek sukalde bat sortu du Lesbosen, eta hamar suterekin egokitu dute, hainbeste lagunentzat janaria prestatu ahal izateko. Gainera, ogia egiteko biltegi bat ere prestatu dute bertan. Hiru errefuxiatuk egiten dute lan hori, eta elkarte honetatik ogia egiteko behar diren makina guztiak eramaten dituzte. Jaki lehorrek, hala nola garbantzuek, dilistek edo arrozak, hemendik eramaten dute. Hori lortzeko, elkarte honek elikagaien bankuarekin lan egiten du. Jakien banaketan laguntza logistikoa emateko zaporeak elkarteko boluntarioak eskaintzearen truke, elikagai bankuak elikagaiak batzen ditu elkarte horrek Grezian banatu ahal izateko. "Harreman oso ona daukagu elikagaien bankuarekin. Eurek ematen dizkigute jaki lehorrak, eta horrela Lesbosera bidali ditzakegu hainbeste lagunentzako janaria prestatzeko", azaldu du. Elikagai freskoei dagokienez, barazkiak edo frutak, besteak beste, bertan erosten dituzte, Arabatik bidaltzea eginkizun korapilatsuegia izango bailitzateke. Barazkiak eta frutak han erosteko dirua hainbat erakunderekin dituzten laguntza eta itunen bidez lortzen dute, adibidez, Arabako Foru Aldundiarekin. Gainera, duela gutxi herritarren esne bilketa bat egin behar izan dute bertara bildatzeko. "Errefuxiatuen artean bitamina falta arazo larria dagoela konturatu gara. Errefuxiatu horietako askoren artean haurrak dira bitamina eta defentsetan arazo handiak izaten ari direnak, horregatik litro asko esne bildu behar izan ditugu arlo horretan lagundu ahal izateko", azaldu du.

Gaur egun, 8.000 pertsona inguru bizi dira bertan.

Gaur egun Lesbosen dauden 8000 errefuxiatuetatik bi mila inguru elikatzen dituzte egunero Zaporeaketik. Gainera, boluntario horren arabera, 8.000 horietatik %30 adingabeak dira. Errefuxiatu horiei guztiei jaten emateko ezintasuna zela eta, behartsuenak elikatzea erabaki zuen elkarte horrek. "Oso lan gogorra da, oso gogorrak diren baldintzetan bizi direlako. Horregatik, ahal dugun pertsona guztiei laguntzen diegu, janari lehorra emanez, adibidez, gas kanpina duenari eta beroa besteei. Ahal dugun guztiei laguntzen saiatzen gara, baina, batez ere, gehien behar dutenei".

Lan hori aurrera eraman ahal izateko, gaur egun 500 pertsona inguruk laguntzen dute boluntario gisa. Lan zaila da, baina behar dutenei zaporez betetzen dituzte. "Gero eta herritar gehiagok laguntzen digute euren ekarpenekin eta zoragarria da. Errefuxiatu gehiagori laguntzera iristea espero dut".