Vera-Cruzeko Nuestra Señora de la Soledad Kofradiatik, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun alerta dela eta, Aste Santuko pregoia online egitea erabaki dute. Horrela, aurten ere pregoi tradizionalaz gozatzeko aukera izango du hiriak, nahiz eta beste modu batean izan.

“Beharrezkoak ez diren deialdiak saihesteko, eta horrek dakarren osasun arriskuarekin, kofradia penitentziarioek pregoi hau Gasteizko Elizbarrutiko Youtubeko kanalean emititzea erabaki dugu. Bide honek pertsona gehiagorengana iristeko aukera ematen digu. Pregoiarekin gogo eta itxaropen pixka bat eskaintzen badiogu entzuten duenari, bikaina izango litzateke”, azaldu du Iñigo Ruiz de Azua kofradiako presidenteak egunkari honetan. Aurten, Estela Aldave Medrano erlijioso eta teologian doktoreak emango du pregoia. Bere pregoian, Jesus Nazaretekoaz hitz egingo du eta kristauentzat hain garrantzitsuak diren data hauek zentzu osoz bizitzera gonbidatuko ditu herritarrak.

Horrela, kofradiatik lanean jarraitu dute azken asteotan Aste Santuak herritarren artean bere horretan jarrai dezan, nahiz eta modu ezberdinean ospatu.

“Pena da herritar guztientzat prozesioak ezin egitea. Adineko pertsonei, kofrade guztiei eta oro har herritarrei pena ematen digun zerbait da. Aurreko urteetan ohituta geunden euriagatik prozesioren bat bertan behera uztera, baina ez geunden ohituta prozesio guzti-guztiak bi urtez jarraian bertan behera uztera”, azaldu eta gaineratu du: “Hala ere, ez da ezer gertatzen, ulertu behar dugu Aste Santua ez dela horregatik eten. Herritar guztiek modu intimoagoan ospatuko ditugu data hauek, baina mezak eta ospakizun ezberdinak izango dira, bere horretan mantenduko dira”.

Kofradia hau Gasteizen sortu zen 1950eko otsailaren 14an. Sustatzailea eta zuzendaria Ignacio María de Viana e Irimo S. J. izan zen, Los Luises zentrokoa (Mariana de San Luis Gonzalaga kongregazioa). Lehen egoitza San Bizente Martiriaren Parrokia izan zen, Iñaki Ruiz de Azuak gogorarazten duen bezala. “Gure helburua Jesukristo eta Andre Maria ohoratzea zen eta da. Ostegun Santuko prozesioa ospatzeaz eta Aste Santuko pregoia hiri osorako antolatzeaz ere arduratzen gara kofradiatik”, azaldu du.

Vera-Cruzeko Nuestra Señora de la Soledad elkarteko kofrade izateko, kristaua izan behar da. Ez du axola adina, ezta bestelako baldintzatzailerik ere. Zuzendaritza-batzordeak zenbait ekitalditara deitzen du interesduna, hala nola Aste Santuko prozesioetara, eta beste alderdi interesgarri batzuen berri ematen zaio, hala nola batzar nagusiak edo anaitasun-bazkaria. Urteko kuota 12 eurokoa da”, azaldu dute webgunean.