Mendiak Aske elkarteak zentral eolikoak eraikitzeko izapideak "osorik" eta "berehala" geldiaraztea eta Arabako mendiak zeregin horretarako bazterketa-gune izendatzea eskatu zuen atzo.

Horrela, elkartetik adierazi zuten Eusko Legebiltzarrak duela hamar urte baztertu zuela Energia Eolikoaren lehen Lurralde Plana, eta Jaurlaritzari eskatu ziola beste bat egiteko eta izapidetzeko. "Herritarrak engainatzen dira lurraldea antolatzeko ezinbesteko tresna hori dagoela ziurtatzen denean. Hori gezur larria eta onartezina da", esan dute. Gainera, etaildo horretatik, gune babestuetan ez dauden mendietan zentral eolikoak jartzeko aukera ere baztertu dute; izan ere, zentral horiek eraikitzea baimentzen ez duten hegazti nekrofagoak babesteko eremuak ere badaude. "Defendaezina da zentral eoliko baten ustezko onurak txikituko duen ekosistemak ematen dituenekin alderatzea. Ez ekonomian, ez gizartean, ezta ingurumenean ere. Ez gaitzatela engainatu", esan eta gaineratu zuten: "Ez dago ekosistema bat baino hoberik klima-aldaketari aurre egiteko. Sustatzaile politikoek, edo ez dakite zer ondorio dituzten espazio horiek, edo lotsagabekeria jasanezina erakusten dute". Herriaren iritziari dagokionez, Mendiak Askek adierazi zuen gizartearen gaitzespena faktore erabakigarria izan zela prozesua geldiarazteko eta "lotsagarria" dela herriak onartzen duela esatea.

Arazo horren aurrean, gauzak egiteko beste aukera batzuk ere badaudela gaineratu zuten. Adibidez, eredu energetiko eta berriztagarri baten alde eginez, bokazio soziala duena: "Posible da gauzak beste era batera egitea. Posible da energia-eredu berriztagarri eta deszentralizatuaren alde egitea, eraginkortasunean oinarritua, bokazio sozialarekin eta gure ondare naturala suntsitu gabe". Horren adibide jarri zuten Arabako Foru Aldundiaren energia berriztagarrien mugarri plana. "Zergatik ez da eguneratzen, Euskadi osorako orokortu eta martxan jartzen?", galdetu zuten.

Hori dela eta, aurrerabidea naturaren beraren aldeko apustua eginez baino ez dela posible azpimarratu zuten. "Benetako aurrerabidea eta biziraupena natura birsortzen badugu bakarrik izango da posible, eta ez haren suntsiketa sistematikoaren bidez. Natur legeak onartzeko garaia da, horien bidez ezein organismo edo sistema ezin baita infinituraino hazi", ondorioztatu zuten.

Bestalde, Euskal Herria Bilduk bat egingo du gaur elkartearen eskaerarekin, mozio baten bidez; izan ere, EH Bilduren ustez, "energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu bitartean, abiatu edo iragarri diren tramitazio guztiak bertan behar utzi behar dira berriztagarrien kontsentsuzko hedapen ordenatu bat lortze aldera". Ildo horretatik, EH Bilduk Larrialdi klimatikoaren testuinguruan Jaurlaritzari energia berriztagarrien "hedapen arduratsu, ordenatu eta sendoa bultzatzea" defendatuko du. Horregatik, gogor kritikatu du abian jarri diren proiektuak. Guztira lau dira (Iturrietan, Arkamon, Labrazan eta Azazetan) eta "plan argirik" ez egoteaz gain, "babestuta dauden eremuetan kokatzen direla" gogoratu du. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, berriztagarrien inplementazioak gidaritza publikoa behar du, plan "zehatz" baten arabera egin behar da.

EH Bildu. 2009an Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Energia Eolikoaren Sektoreko Lurralde Plana egunera-tzeko eta, bitartean, aurreikusitako zentral eoliko guztiak geldiarazteko, EH Bilduk atzo gogorarazi zuenez. "Gaur egun, Eusko Jaurlaritza ari da plan hori prestatzen, eta, beraz, EH Bilduk ez du begi onez ikusten inolako proiekturik martxan jartzea", adierazi zuten bertatik. Bien bitartean, "Arabako kasuan, energia berriztagarrien garapenerako planak berak, Mugarri Planak, eremu horiek bazter-tzen ditu eolikoak ezartzeko". Azkenik, EH Bilduk energia berriztagarrien hedapenaren aurrean, "herri akordio" bat aldarrikatu du.