- Apdema, Aspace Araba, Autismo Araba eta Zuzenak kirol klubarekin lankidetza-hi-tzarmenak sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021 denboraldian hainbat kirol jarduera egiteko.

Horrela, Gasteizko Udalak 139.036 euroko laguntza ekonomikoa emango du, guztira, Kirol eta Osasun Sailaren bitartez, lau hitzarmen horietarako. Hoenkin, “700 pertsona baino gehiago baliatzen dira hitzarmen horien bidez gauzatzen diren programez”, Udaletik jakinarazi zutenez. Zenbateko horren zatirik handiena, 95.659 euro hain zuzen, Zuzenak Kirol Elkartearekin lankidetza hitzarmenera bideratzen da, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako ekintzak garatzeko. Hitzarmen honi esker, jarduera fisiko egokitua eta kirol egokitua sustatzeko programa berezi bat jarriko da martxan. Era berean, zabalkunde kanpaina bat eta jarduera paraleloak egingo dira, kirola egiteko aukeran dauden desberdintasunak gainditzeko. Hitzarmenean sartzen da, halaber, klubaren jardueretarako laguntza materiala ematea, Gabriel Zelaia kaleko udal lokalak erabiliz.

“Bigarren hitzarmena, Apdema Araba elkartearekin egin da. 16.837 euroko zuzkidura du, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako kirol jarduera teknikorako programa bat egiteko. Programa gauzatzen laguntzeaz gain, udalak beharrezkoak diren kirol instalazioak ere utziko dizkie”, erantsi zuten. Ildo horretatik jarraituz, Aspace Araba elkartearekiko hitzarmenak 16.720,48 euroko zuzkidura du eta horren bitartez, kirol jardueren eskaintza egingo da, garun paralisia eta antzeko gaixotasunak dituztenentzat bereziki prestatuta. Laguntza ere eskainiko da, jardueren hartzaileek ahalik eta integrazio mailarik handiena lor dezaten. “Aurreko kasuan bezala, udalak Aspaceren esku utzi ditu beharrezko dituzten kirol-instalazioak”, azpimarratu zuten.

Azkenik, Autismo Arabarekin sinatutako hitzarmenak 9.820 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du, autismoa duten pertsonen beharretarako gorputz eta kirol jardueren programa gauzatu ahal izateko. Programa hau garatzeko beharrezkoak diren udal kirol instalazioak ere izango dituzte.