- Bikoteen eta lagunen metodologiak aldatzea eta euskararen erabilera areagotzea. Hori da Soziolinguistika Klusterraren helburu nagusietako bat bere azken lan metodologian.

Soziolinguistika Klusterrak, Pello Jauregi irakaslearen zuzendaritzapean, Aldahitz proiektuan hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko metodologiak sortu ditu 2010etik. Metodologia horiek batez ere lan-munduaren testuinguruan sortu eta frogatu dira. Hala ere, azken urteotan beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere jarri dira martxan. Zehazki, Eusle metodologia praktikan jarri da hiru lagun-taldetan edo koadrilatan eta Ulerrizketa metodologia baliatu dute Lautadako herri desberdinetako bost bikotek. Lagun-talde eta bikote hauek, aipatutako metodologietan zehaztutako rolak baliatzeko beharrezko azalpenak eta formakuntza jaso zituzten irailean zehar Pello Jauregiren eskutik. Baldintzak ongi ezagututa, erabakia hartu zuten proba pilotu honetan parte hartu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina egitekoa. Ondoren, "zortzi astetan zehar praktikan jarri dute adostutako hori. Soziolinguistika Klusterra arduratu da esperientziaren jarraipenaz eta prozesu osoan zehar datuak biltzeaz. Orain bildutakoak eta hiru hilabete pasa ostean esperientziak utzitakoa ezagutzeko egingo den azken datu-bilketarekin, proba pilotu hauen emaitzak 2021eko udaberrian izatea aurreikusten da", azaldu zuten Soziolinguistika Klusterretik. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Lautadako Kuadrillaren finantziazioarekin eramaten ari da aurrera.