- Bizkorra izan da euskara eta haren normalizazioa lurraldean. Eskolek D ereduan irakasteak eta familia askok familia gunean hizkuntza hori normalizatzeko duten interesak lagundu dute prozesu horretan. Euskaltegiek, urtero, lehen urratsa eman nahi duten milaka herritar prestatzen jarraitzen dute, eta gaur ospatuko den Euskaraldia bezalako ekitaldiek ere horretan laguntzen dute. Hala ere, euskararen erabilera ez da ezagu-tzaren bizkortasun berean hazi, eta, horregatik, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udala bezalako erakundeek lanean eta estrategiak prestatzen jarraitzen dute, gaur egun ikasteko erraztasuna izan duten gazteek eguneroko bizitzan ere erabil dezaten.

lurraldean egindako azken ikerketaren arabera, aisialdiaren eta kirolaren artean, adibidez, alde handia dago bi lekuetan erabiltzen den komunikazio-hizkuntzarekiko. Izan ere, eskolako jardueretan euskarak indartsu jarraitzen du, baina leku horietatik kanpo gaztelaniak indarra hartzen du, nahiz eta ia gazte guztiek euskaraz komunikatzea ondo jakin eta ulertu. Horrela azaltzen dute Foru Aldundiaren txostenean: "Sustapenak euskararen erabileran izan duen eragina handia da, baina jarraipen sistematikoa egiteko datuen faltan, berariaz egindako estatistika ikerketei esker, esan daiteke alde batetik, aisia eta kirolaren artean erabilera alde handiak daudela, eta bestetik, zenbait programatan, hala nola, udalekuetan euskara nagusitu bada ere, ez dela berdin gertatzen bestelakoetan, nahiz eskolatik hurbilago dauden jarduerak izan (adibidez, eskolaz kanpoko ekintzetan), are gutxiago eskolatik urrun dauden bestelako aisia ekintzetan". Hau azalduta, hurrengoa gaineratu dute. "Lurraldeko eskualderik populatuenetan aisia beti euskaraz egiteko joera dagoela esan genezake. Horrek ez du esan nahi beti gaztelaniaz egiten diren aisia jarduerak ez direnik. Esaterako, Gasteizen beti euskaraz egiten diren jarduerak ez dira gutxi, baina beti gaztelaniaz egiten direnak ere ez; kopuruetan elkarren an-tzeko daude. Beraz, aisia euskaraz programatzeko joera baten aurrean gauden arren, ez da oraindik sistematizatu".

Kirolari dagokionez, "hizkuntza ohiturei eusteko indarra nabaria bada oraindik orain kirolean, gaztelania hutsean egiteko ohitura apurka-apurka aldatzen ari da. Hala ere, kirol ekintzak euskaraz eskatzen dutenetatik lautik batek kirol ekintzak euskaraz jasotzen ditu, beste biri elebitan ematenzaizkie, eta lautik batek gaztelania hutsean jasotzen ditu".