- Andrea Perales Fernandez de Gamboa, Maria Gema Lasarte Leonet eta Irati Garcia Lopez de Aguileta dira ikerketa feministako lehen lehiaketako hiru irabazleak. Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ikerketa feministarako lehen lehiaketa jarri du martxan aurten, EHUko Gizon eta Emakumeen Berdintasuna: Berdintasun Agenteak masterrarekiko elkarlanean, eta deialdiak oso harrera "ona" izan du. Saritutako bi proposamenek irakurle-klub feministak eta feminismoak lodifobiaren aurkako borrokan duen zeregina dituzte aztergai. Sari bakoitza 4.500 eurokoa da.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, lan eta ikerketa feministen lehiaketaren lehen edizio honetan 31 proposamen aurkeztu dira guztira, eta gai ugari eta askotarikoak aurkeztu dira. Adibidez, emakume migratzaileak, zaintzak, sexu-orientazioa eta genero-identitatea izan dira gaietako batzuk. Horrez gain, arte, feminismo, kultura, dibertsitate funtzional, prostituzio, komunikabide, hezkuntza eta zientzia proposamenak ere jaso ditu Udalak. Gai horiek guztiak, dena den, ikuspegi feministatik landu dira.

Berdintasunetik proiektu guztien kalitate teknikoa nabarmendu nahi izan dute, baita jasotako proposamen kopurua ere. Udaleko kideen hitzetan, "jasotako proposamenen kopurua ez ezik horien kalitate teknikoa ere nabarmentzekoa da. Hori dela eta, zaila gertatu da erabakitzea; azkenean bi proposamenek lortu dute puntuaziorik handiena eta, beraz, bi horiek sarituko dira: Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia, Andrea Perales Fernandez de Gamboa eta Maria Gema Lasarte Leonetena, eta Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan, Irati Garcia Lopez de Aguiletarena.

Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia lanaren helburua da Euskadiko hainbat ahalduntze eskolatan antolatutako irakurketa klubetan egiten den lana ezagutaraztea, zientzian eta dibulgazioan oinarrituz, Udaletik azaldu zutenez. Horretarako, ikerketak Feminista Agenda kluba hartuko du paradigmatzat, zeina Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak eskaintzen baitu.

Bestetik, Nire gorputza gudu-zelai bat da.Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan proposamenaren helburua da ikuspegi intersekzional batetik aztertzea Gasteizen aktibismo feministak izan dezakeen ahalmena emakume lodien gorputz bizipena eta testuinguru feministetan aurkitzen dituzten erresistentziak hobetzerakoan.

"Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021eko programan sartu da lehen aldiz feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Eskolaren testuinguruan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko", gaineratu zuten Udaletik prentsaohar baten bitartez. Bertan azaldu zutenez, lehiaketaren oinarrien arabera, aurkezten zituenarentzat interesgarri ziren gaien ingurukoak izan behar zuten ikerketa-proiektuek, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ikerketa feministarako

lehen lehiaketa jarri du martxan urte honetan

Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021eko programan sartu da lehen aldiz feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa