- Neiker adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktibo berri bat lantzen ari da lursail bakoitzeko ongarri nitrogenatuaren dosia doitu ahal izateko, eta, horrenbestez, ingurumenari eta nekazarien ekonomiari eragiten dieten nitrogeno galerak murrizteko. Hala aurreratu zuen atzo institutuak prentsa-ohar baten bidez.

Garlan kooperatiba, HAZI, Dronak eta Camp Tecnologico ere murgildu dira proiektu honetan, eta haien erronka da ongarri nitrogenatuaren doikuntza “ezin hobea” aurkitzea, lursail bakoitzak ahalik eta errendimendurik handiena atera diezaien laboreei, ingurumena kaltetu gabe. Izan ere, ongarri nitrogenatuaren dosia doitzea funtsezkoa da nekazaritza modernoan, produktu horiek zuzenean eragiten baitiete ingurumenari eta nekazariaren ekonomiari.

Proiektu pilotua Microsoften AI for Earth ekimenean kokatzen dela gogoratzen du Neiker-ek, Euskadin Eusko Jaurlaritzak sustatzen duela. Hau Araban garatuko da, datozen 12 hilabeteetan. “Microsoft-en laguntza teknikoa dauka, eta hainbat datu iturri erabiliko ditu (Europako Agentzia Espaziala, Geoeuskadi bisorea, Euskalmet, etab.), adimen artifizialarekin batera, eredu prediktibo bat garatzeko, gariaren errendimendua kalkulatu ahal izateko, hodiratzeko unean, nitrogeno dosia doitzeko”, aurreratu du institutuak. Gainera, dio uztaren iragarpenean kontuan hartu behar direla aldagai topografikoak, klimarenak, ekoizpenari eragiten dioten aurreko urteetako uztak eta laborearen egoerari buruz informatzen duten indize begetatiboak.