- Migrazioen Estatuko idazkari Hana Jalloul-ek zuzenean ezagutu zuen atzo gazteak lan-munduan txertatzeko Hazia 23 programa, zeina 2016/2017. urtean jarri baitzuen abian Udalak. Lehen alkateorde Maider Etxebarria Jalloul eta Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Denis Itxasorekin batera izan zen Cetic-Informazio eta Komunikazio Teknologien Udal Zentrora egin zuten bisitan.

Ekonomia Sustapenaren zinegotziak nabarmendu zuen dagoeneko 103 pertsona igaro direla programatik, "zeina ez prestakuntzarik ez lan-esperientziarik ez duten 23 urtetik beherako gazteei zuzentzen baitzaie". Parte-hartzaileen %67k atzerriko jatorria du. "Estatuko idazkariaren bisitak proiektuaren arrakasta baieztatzen du. Udaleko Enplegu Zerbitzutik estrategiak koordinatzen ditugu gazteek erraztasun handiagoak izan ditzaten lanpostu bat lortzeko, bereziki tokiko enpresetan", adierazi zuen Etxeberriak. Ildo horretatik jarraituz, Udaletik atzo jakinarazi zutenez, "hil honen hasieran, Udaleko Gobernu Batzarrak 50.000 euroko ekarpena onetsi zuen Hazia 23 programaren V. ediziorako; Adsis fundazioak, Vital fundazioak, Egibidek eta Caritasek ere laguntzen dute programa garatzen". Programan, besteak beste, espezialitate hauek eskaintzen dira: fabrikazio mekanikoko lan lagungarriak, ibilgailuen elektromekanika mantentzeko lan lagungarriak, biltegiko lan lagungarriak, ile-apainketako lan lagungarriak, merkataritzako lan lagungarriak, iturgintza eta komunitate dinamizazioa. "Hazia 23 egitasmoaren berrikuntza nagusia da erakunde laguntzaileek beren gazte-enplegurako politikak koordinatzen dituztela, laneratze prozesu baten fase guztiak barne hartzeko, programaz baliatu daitezkeen pertsonak identifikatzetik enpresan kontratatu arte".