- Vital Fundazioak kirol mota ugariri buruzko eskola magistralak jarriko ditu abian berriro ikasturte honetan lurraldeko ikastetxeetan. Arabako kirolarien eskutik, haien esperientziak emakumeen kirola hobeto baloratzeko balio izatea nahi da, baita beste neska batzuk kirola egitera animatzeko ere.

“Kirolean mutilen eta nesken arteko berdintasuna bultzatzeko Vital Fundazioa garatzen ari den Arabako Emakumezkoen Kirola Bultzatzeko 2018-2022 Bai, nahi dut programaren barruan, ikasturte zail honetan, masterklase horiek doan eskainiko dira berriro”, adierazi zuten Vital Fundazioatik eta gaineratu zuten: “Hala eskatu duten ikastetxeetara hurbilduko dira Arabako kirolariak, eliteko kirolaren arloan dituzten historia eta esperientziak ezagutzera emateko. Bere kirol-ibilbideak emakumeen kirola hobeto baloratzeko balioko du, baita beste neska batzuk Arabako kirol-sarearen parte aktibo izatera bultzatzeko ere. Azken batean, emakume kirolari arabarra ikusaraztea eta etorkizuneko nesken belaunaldiei erakustea kirola etorkizunerako aukera bideragarria, osasungarria eta erakargarria dela”.

Eskolek atal teorikoa eta atal praktikoa izango dituzte. Teorian, beren esperien-tziaz hitz egingo dute kirolariek, kirolean hasi zireneko bizipenez eta kirolak arlo fisikoan nahiz psikologikoan egiten dien ekarpenaz. Atal praktikoan, kirol bakoitzeko ariketa eta teknika gehiago erakustea izango dute helburu, adierazi zutenez.

Hitzaldi horietako bat hartu nahi duten ikastetxeek info@siquiero.eus helbide elektronikoaren edo 647 566 579 telefonoaren bidez eska dezakete. Gainera, www.bainahidut.eus webgunean hi-tzaldiei eta hizlariei buruzko informazio guztia dago eskuragarri. “Arrakastatsuenetako bat ikastetxeetan ematen diren masterklaseak dira. Azken bi urteetan, lurraldeko 3.500 neska-mutilek baino gehiagok emakumezkoen kirolaren errealitatea ezagutu ahal izan dute”, nabarmendu zuten.