asteizko zurrumurruen aurkako estrategiak pausoak ematen jarraitu du azken asteotan hirian. Atzo arratsaldean horren inguruko bilera bat ospatu zen, eta irailaren 25 eta 26an, escape roometan parte hartu zuen jendeak. Berri faltsu eta zurrumurruen hedapenari buruzko ikerketa bat egiten ari den egunkari bateko erredakzio-taldeko kide ziren parte-hartzaileak, eta probak egin behar izan zituzten, kodeak deszifratuz.

Zurrumurruen aurkako kontzeptuak ere ikasi zituzten prozesu horretan zehar, eta aldi berean, albiste faltsuak baztertuz eta egiazkoak onartuz, aretotik irtetea lortzean zetzan proposatutako jokoa. Hori izan zen, hain zuzen, nobedadea, zurrumurruen aurkako Chatbot bat eta EscapeRoom bat ospatu baitziren egun horietan Gauekoak programazioan.

2010ean hasi zen zurrumurruen aurkako estrategia Bartzelonan eta Europako eta Euskal Herriko beste hiri batzuk gehitu zitzaizkion. Zurrumurruen aurkako estrategia Gasteizen, udalak sustatzen du hainbat pertsona, elkarte eta erakundez osatutako sare batekin elkarlanean. "Horiek guztiek, kultur-artekotasunaren alde, giza-kohesioaren alde eta bazterkeriaren aurka lan egiten dute. Estrategia Gasteizko Bizikidetza eta Bizikidetza Planean kokatzen da, eta Zurrumurruen Aurkako Sarearen ZAS! kide gara, ezagutzak eta esperientziak konpartitzeko helburuarekin", gogoratzen du Udalak.

Atzoko bilera, gainera, Aldabe gizarte etxean ospatu zen, eta bertan Gasteizko zurrumurruen aurkako agenteak batu ziren. Duela bi aste ospatutako programaren aurkezpenean balio handia eman zien gainera Bizikidetza eta Aniztasun zerbitzuko ordezkari berezia den Miren Fernandez de Landak agenteei, hauen lana eskertuz. "Gure auzoetan kulturartekotasunaren eta gizarte kohesioaren alde eta bereizkeriaren kontra aritu dira, borondatez aritu ere, Gasteiz hobea, inklusiboagoa, irekiagoa, eta arduratsuagoa eraikitzearren". Gainera, pertsona horiek konprometituta daude gizartean migrazioaz eta atzerritarrez zabaltzen diren "estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak desaktibatzeko lanarekin, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorraraz ez ditzaten, horretarako informazioa, prestakuntza eta kontzientziazioa baliatuz".

Hasi berri den kurtso honetan, gainera, estrategiak begirada jarriko du bereziki duela hiru urte, 2017an, jaio zen sarea indartzean, eta sare sozialen eta online plataformen bidez egingo du, gazte eta adinekoekin lankidetzan. Izan ere, udalak gogoratzen du 2019-2020 ikasturtearen ezaugarri nagusia Estrategiaren lankidetza eta lana izan dela gazteria eremuan, bai eta hezkuntza eta adinekoen eremuan ere.

Gasteizko Udalak ere agenteen paperari ematen dio garrantzia, beren hiriarekin eta auzoarekin konprometitutako pertsonak baitira hauek, "aniztasuna errespetatzen eta baloratzen dutenak, elkarbizitza inklusiboa aukera ugariko zerumuga dela uste dutenak eta hiri anitz baten alde egiten dutenak".

Agenteek oinarrizko formakuntza jasotzen dute eta bakoitza bere inguru hurbiletan eragiten eta estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak indargabetzen saiatzen dira. "Horietako batzuk, Zurrumurruen aurkako ekintza-taldeetan parte hartzen dute, hilabetean behin elkartzen dira, formazio osagarria jasotzen dute, zurrumurruen inpaktua aztertzen dute eta sentsibilizazio ekimena diseinatu eta aurrera eramaten dute", gogoratzen du udalak gainera. Hauen arteko bilera eta formakuntza gehiago egongo dira hurrengo aste eta hilabeteetan. Adibidez, urriaren 28an beste bilera bat ospatuko da Aldabe gizarte etxean, eta azaroan zurrumurruen aurkako oinarrizko prestakuntza emango da Europa Biltzar Jauregian. Urteko azken bilera abenduaren 28an izango da.

Beste jarduera batzuk ere ospatuko dira. Adibidez, urriaren 14an, ipuin kontalari saio bat egongo da Judimendi gizarte etxean, eta, azaroan, Xabier Aierdi, Andrea Ruiz Balzola eta Asier Gallastegui izango dira oinarrizko formazioan gidari. Abenduaren 14an Praktika onak trago txarrak mintegiarekin amaituko da urtea, eta Zurrumurruen Kontrako Agenteen Bigarren topaketarekin hasiko da.

Estrategian parte hartu ahal izateko inprimaki bat bete behar dute interesdunek. https://www.vitoria-gasteiz.org/j31-01w/formularioViewer/create?lang=eu&locale=eu&idioma=eu&formularioId=303 web orrialdean aurki daiteke hau, eta bertan, zenbait datu eman behar dira. Izen abizenaz aparte, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia idatzi behar dira, baita interesdunak nola parte hartu nahi duen ere. Izan ere, azken atal honetan parte hartzeko era desberdinak ageri dira; azaltzen denez, zurrumurruen aurkako estrategiari atxikitz, agente sarean parte hartzeko oinarrizko prestakuntza jasoz, zurrumurruen aurkako ekintza-lantaldeetan parte hartuz edo zurrumurruen aurkako estrategiari buruzko informazioa jasoz egin daiteke hau.

2010ean hasi zen zurrumurruen aurkako estrategia Bartzelonan eta Europa eta Euskadiko hiri batzuk gehitu zitzaizkion

Urriaren 14an ipuin kontalari saio bat egongo da Judimendi gizarte etxean, eta, azaroan, formazio bat ospatuko da