- Gasteizko elizbarrutiak bere osasun arloko zuzendaria eta taldea aurkeztuko du gaur, pandemia osteko egoerara egokitu baita hau. Gainera, hau zuzentzen duen lehenengo emakumea izango da Sor Daniuska Rodriguez 30 urteko mediku eta erlijiosoa. Aurkezpena 17.30etan ospatuko da, San Pablo aretoan.

Elizbarrutiak aurreratu zuen atzo delegazio honek ardura desberdinak izango dituela; hala nola, adin guztietako gaixoekin egotea, gaixotasunaren etapa guztietan, zahartzaroaren bakardadearen aurrean eta heriotzaren momentuan ere. Gainera, laguntza espirituala eskainiko dute ospitale publiko eta pribatuetan, partikularren etxeetan eta lurraldearen adinekoen eta desgaitasunen bat daukaten pertsonen egoitzetan ere.

Gasteizko apezpikua den Juan Carlos Elizaldek adierazi du "ezinbestekoa" dela eliza lokalaren eginkizunen artean honi bultzada bat ematea, "bereziki martxotik aurrera pandemia dela eta bizi dugunaren aurrean".

Daniuskarekin batera beste kide batzuk egongo dira osasun arlo honetan. Zehazki, Siervas de Jesus eta Abetxukoko la Inmaculada Concepcion ikastetxeko hiru erlijioso gehiago egongo dira, bi laiko eta 19 urteko seminarista gazte bat. "Errelebo honek boluntario talde joria izatea du helburu, laguntzeko prest dagoena eta arlo sozio-sanitarioan aditua dena", gogoratzen du elizbarrutiak. Aurkezpenean logo berria emango dute ezagutzera, baita sortu berri dituzten sare sozialak eta web orrialdea ere, eta elizbarrutiaren osasun pastoralaren betebeharrak azaltzen dituen bideo bat. Ekitaldiak edukiera mugak izango ditu.