-Jesusen Bihotza ikastetxeak antzeko balorazioa egiten du. Ikastetxe horretatik ere zenbait aldaketa egin behar izan dituzte, baina Nieves Maya zuzendariak esan du hobetzen joateko beharrezkoak direla: “Egunero protokoloa hobetzen jarraitzen dugu, egunero ikasteko eguna baita”, esan du. Adibidez, hobetu behar izan dituzten neurrien artean lurrean egin zituzten markak dira, ikasleak iritsi zirenean konturatu baitira ez direla gehiegi nabaritzen.

Eskolako irteerak eta sarrerak ere aldatu dituzte, “espazio batean diseinatu genituen eta nahiago izan dugu aldatu”, dio. “Eguneroko doikuntzak dira”. Halere, egiten duten balorazioa oso positiboa da. Nieves Mayaren esanetan, alde horretatik pozik daude familiek inplikazio handia izan dutelako protokoloa hobetzen laguntzeko. Adibidez, guraso batzuek zabor-ontziak aldatzea gomendatu zuten, platano baten larrua botatzeko “tapa altxatu behar zutelako”. A priori konturatzen ez diren baina denon artean hobetzen doazen alderdi txikiak direla azpimarratzen du.

Bestalde, burbuila taldeak indartu nahi izan dituzte. Ikastetxe horretan talde horiek mailaka sortzea erabaki zuten, eta orain klaseka ere sortzea erabaki dute, batez ere txikienetan. Horrela, haurrak eskolako patiora ateratzen direnean, ezin dute harremanik izan beste klaseekin, nahiz eta maila berekoak izan, babesteko. Neurri horiek eta protokoloa indartzea gurasoek eskertzen dituzten neurriak dira, batez ere haien osasunagatik beldur direnek. “Burbuila taldeak indartzen ari gara eta arrisku-faktoreko gurasoak dituzten haurrak ere babesten ari gara. Minbizia duten edo zaintza bereziko seme-alabak dituzten gurasoek koronabirusari beldur handiagoa diote, normala denez, eta horregatik hartutako neurriak indartu ditugu”, ondorioztatu du Nieves Mayak, Jesusen Bihotzako zuzendariak.