- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa alderatuz gero, Araba da urtero gutxien gastatzen duena. Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako eta Estatistikako Institutu Nazionalarekin elkarlanean egindako txosten beraren arabera, gipuzkoarrek egiten dituzte gastu gehien urtean.

Zehazki, lurralde historikoaren arabera, Arabako familiek Euskal Autonomia Erkidegoko guztizko kontsumo-gastuaren %13,7 egin zuten, Bizkaikoek %52,8 eta Gipuzkoakoek, berriz, %33,5. Batez besteko gasturik handiena Gipuzkoako familiek egin zuten, eta familia bakoitzeko 35.679 eurora iritsi zen. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko gastua baino 1.255 euro handiagoa izan zen (34.423 euro EAEn). Bizkaian, familia bakoitzeko batez besteko gastua batez bestekoa baino handixeagoa izan zen (34.608 euro), eta Araban, berriz, 31.103 eurora iritsi zen.

Bestalde, familia bakoitzeko batez besteko gastua familiako hileko diru-sarrera garbien mailaren arabera aztertzean ikus daitekeenez, 2019an gora egin du 1.000-1.999 euroko hileko diru-sarrerak dituzten familien kasuan; aldiz, “atalase horretatik gorako diru-sarrerak dituzten familiek murriztu egin dute gastu-maila. Zehazkiago, 1.000-1.999 euroko errentak dituzten familietan, gastuak % 3,8ko igoera izan du, eta 26.103 eurora iritsi da. Hilean 3.000 euroko edo gehiagoko diru-sarrerak dituzten familiek, berriz, 49.876 euroko urteko batez besteko gastua izan dute, hau da, 2018. urtekoa baino %0,3 txikiagoa”, argitu eta erantsi dute: “Hilean 1.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familien kasuan, berriz, urteko batez besteko gastua 16.715 eurokoa izan da, hau da, aurreko urtean baino % 3,5 txikiagoa. Azkenik, hilean 2.000-2.999 euroko diru-sarrerak dituzten familien kasuan, batez besteko gastuak % 1,2ko beherakada izan du, eta 34.655 eurora iritsi da”.

Amaitzeko, gastuak ere aldatu egiten dira herritarraren kokapenaren arabera, eta ez dute gauza bera gastatzen, adibidez, hirian edo herri batean bizi direnek. Hala, familia-etxearen kokapen geografikoaren araberako gastuari dagokionez, familia-etxeko batez besteko gasturik handiena 10.000 biztanletik beherako udalerrietan egin da. “Zehazki, familia bakoitzeko gastua 37.152 eurokoa izan da, hau da, Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino %7,9 handiagoa”. Familia-etxeko batez besteko gasturik txikiena (33.676€) 10.000-100.000 biztanleko udalerrietako familiek egin dute. 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, batez besteko gastua 2018an baino %2,2 handiagoa izan da, eta 33.915 eurora iritsi da.