Arabako Gurutze Gorria

"Aislamenduan dauden pertsonei behar dituzten elikagai eta sendagaiak helarazten dizkiegu"

Arabako Gurutze Gorria elkarlanean dabil Osakidetzarekin momentu hauetan ere

17.08.2020 | 23:16
Konfinamenduan zehar, lan handia egin du Gurutze Gorriak, eta orain ere horrekin jarraitzen du. Argazkia: Pilar Barco

Gasteiz – Covid-19ak hemen jarraitzen du, herritarren artean, eta horregatik Arabako Gurutze Gorriak lanean jarraitzen du hauen beharrak asetzeko. Zentzu horretan, egun hauetan ematen den kasuen gorakadaren aurrean, behar dutenen etxeetara produktuak helarazten jarraitzen dute boluntarioek.

Entitatearen idazkari autonomikoa den Xabier Manzanok DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin du horren inguruan, eta adierazi du Osakidetzarekin daudela koordinatuta hau egiteko, eta aislamenduan hasi behar duten pertsonek ez badaukate elikagaiak eta sendagaiak helaraz diezazkien gizarte-ingurune bat, haiekin jartzen direla harremanetan.

Momentu honetan, dioenez, Araba osoan daude elikagaiak, sendagaiak eta garbiketa produktuak banatzen. "Oso sakabanatuta daude. Gutxi gora behera, Laudion hiru jarduketa izan ditugu, eta Gasteizen beste zazpi". Azken finean, adierazten duenez, aislamenduan dauden pertsonei laguntza helaraztean datza ekimen hau, inork ez dakielako noiz eta nola gertatuko den hori.

Haiekin harremanetan jartzen dira Osakidetzak kasuak bideratzen dituelako. "Pertsona batek zailtasun hauek ageri baditu, kasu batzuetan euskal osasun zerbitzuak gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen du". Gainera, neurri guztiak hartzen dituzte bertaratzen diren boluntarioek. "Hasieran zegoen protokoloa mantentzen dute", azaltzen du Manzanok. Izan ere, pertsona bakoitzak NBEak (norbere babeserako ekipoak) eramaten ditu, eta ez dago harremanik. "Joango direla abisatzen dute, txirrina jotzen dute, materiala utzi eta urruntzen dira pertsonak hau jaso dezan", azaltzen du idazkariak. Hala ere, hor ez da amaitzen haien lana. Telefonoz kasua jarraitzen dute, zer edo zer behar duen ezagutzeko. Arreta boluntarioek egiten dute gehienbat, eta koordinakuntzan eta materialaren prestakuntzan langileek ere hartzen dute parte, ez soilik boluntarioek.

Alerta-egoeran zehar, Arabako Gurutze Gorriak gogoratu zuen bere web orrialdean 10.000 pertsona baino gehiagok jaso zutela Arabako Elikagaien Bankuak eskainitako laguntza, entitateek bertan izan direlako momentu hauetan ere. Gurutze Gorriak, bere partez, hilabete horietan zehar ere farmakuntza bulegoetan sendagaiak batzen lan egin zuen egoera zaurgarrienean zeuden gaixoei helarazteko.

Idazkari autonomikoak espero du herritarrek erantzukizunarekin jokatzea, egoera honi aurre egiteko. "Sare sozialetan araudia errespetatzeko kanpaina bat zabaltzen ari gara. Ea guztion artean egoera hau pixka bat geldiarazten dugun", dio.

Ikus-entzunezko kanpaina bat da aurkeztu dutena, estatu mailan, eta haien Twitterren aurki daiteke adibidez (@cruzrojaalava) duela zenbait aste argitaratu zuten #Notedesfases kanpaina hau. Bertan, gomendio batzuk eskaintzen dituzte; hala nola, norbaitekin elkartzerako orduan hobe dela kanpoaldean egitea –ez leku itxi batean–, baita kontuz ibili behar garela ere beste pertsonekin gaudenean –maskara beti jarri behar dugula–, etab.

"Igerilekuan eta hondartzan gaudenean ere, kontuz ibili bigarren olatuarekin", dio bideoak gainera, eta maskara ondo jantzi behar dela ere, sudurra barruan utziz. Azkenik, adinekoak ezin direla ahaztu gogoratzen du, inoiz baino gehiago zaindu behar direlako. Horregatik, Osasun ministerioak adierazten duen bezala, eskuak sarritan garbitu behar direla azpimarratzen du mezuak amaitzeko. Kanpainak irudi osagarriak ditu, adinekoak atzean ez uzteko, ingurunea zaintzeko maskarak eta eskularruak lurrera ez botaz, eta "maskarek irribarrea bueltatuko digutela" gogoratuz.

Haien Instagram kontuan ere maskararen erabilera sustatzeko bideratuta dagoen kanpaina bat jarri dute abian, konfinamenduan zehar etxean geratzeko egin zuten bezala –horretan, ume eta helduentzako jarduerak asmatu zituzten, konfinamenduan zehar egiteko eta etxean ematen zuten denbora horretan ondo pasatu ahal izateko–. #MicaranoesmiCV izenpean (nire aurpegia ez da nire CVa), zenbait irudi argitaratu dituzte mezu desberdinekin. Kasu honetan ere lan munduaren inguruko hausnarketak egiten dira.

Azkenik, Arabako Gurutze Gorriak egoera honen aurrean ere boluntarioen lana eskertu du, egoera honi aurre egin diotelako eta behar dutenei haien laguntza eskaintzen jarraitu dutelako. Alabaina, gogoratzen du norbaitek boluntario izan nahi badu haien webaren bidez egin dezakeela, http://www.cruzrojaalava.es web orrialdean alegia. Bertan, colabora izeneko botoia sakatuz, parte hartzeko era desberdinak ageri dira, –laguntzeko modu desberdinak daudela gogoratzen du Gurutze Gorriak zentzu horretan– eta boluntario izateko ere. Web orrialde horretan adierazten dutenez, 1.384 boluntario dira jada, eta konfinamenduan ere, ezinbestekoa izan den egoera horretan, laguntza asko jaso dutela. Izan ere, krisi honetan 300 boluntariok kalera irten ezin ziren 407 familia lagundu zituzten, haien etxeetara elikagaiak eta sendagaiak eramanez, eta orain, Manzanok dioenez, lana ez da amaitu. Hauei laguntza ematen jarraituko dutela azpimarratu du.

#Notedesfases. Estatu mailan mugitu dute ikus-entzunezko kanpaina hau. Bertan, covid-19ari aurre egiteko baliagarriak diren gomendioak partekatzen dituzte, Osasun ministerioak sarritan gogoratu dituenak alegia. Bertan, adibidez, maskararen erabilera egokia aurki daiteke, baita adinekoak momentu hauetan atzean ez uztearena ere.

#MicaranoesmiCV. Beste kanpaina hau irudien bidez partekatu dute. Jendea maskara darama eta lan munduaren inguruko hausnarketak egiten ditu.