- Arabako Artisauek, Artisau elkartearen barruan batuta, urte luzeak bizi izan dituzte 2008an heldu zen krisi ekonomikoagatik. Azokak, baita sare sozial eta web orrialdeak lagungarriak izan dira, baina covid-19ak haien kezkak areagotu ditu azken hilabete hauetan zehar. Artisau elkartearen lehendakaria den Gaizka Olartek (Egurra Ukitzen) adierazten du "egoera zaila dela, azokak bertan behera geratu zirelako. Eta orain, berriz abiarazten ari direla, hauen edukiera mugatu dute eta bakoitzean jartzen den salmenta-postu kopurua ere murriztu egin da. Artisau asko gara, eta lehen zaila bazen hauetan parte-hartzeko zerrendan sartzea, orain are gehiago", dio lehendakariak.

Gainera, azoka bat antolatzerako orduan, dirua aurreratu egin behar da, instalazioen muntaiarako, gauean zaindari bat kontratatzeko, etab. Orain, horri guztiari gehitu behar diote edukieraren kontrola, baita objektu eta pertsonen desinfekzioa. "Horrek gastu gehiago esan nahi du, eta gainera jende gutxiago joaten denez, diru-sarrerak murrizten dira. Gastuak gora egiten duen bitartean, diru-sarrerek behera doaz". Hemen, Gasteizen, La Blancako azoka bertan behera geratu zen, baina Lantalan izeneko gabonetako azoka prestatzen ari dira jada. "Ospatuko delakoan gabiltza antolaketa lana egiten, eta espero dugu egin ahal izatea; baina aurtengoa urte zaila izaten ari da zentzu horretan, eta ez dakigu zer gertatuko den, egoera aldatzen delako eta protokoloak ere. Zaila da antolatzaileentzat eta azoketara doazen artisauentzat", azaltzen du. Duela bi urte eta erdi aldatu zuen bere lana egurraren eta erretxinaren munduan profesionalki murgiltzeko, eta orain altzariak eta bitxigintza egiten ditu bi elementu hauekin. "Unerik txarrenean sartu naizela esaten didate beste artisauek", dio gainera.

Hark desberdintasunak nabaritu ditu denbora honetan. Izan ere, egiten dituen bitxiak azoketan saldu ohi ditu, baina koronabirusak azoka hauek bertan behera utzi dituenez, altzariak egiteko eskaera gehiago jaso ditu konfinamenduan. "Sare sozialak eta nire web orrialdea bidaide paregabeak izan dira momentu hauetan. Hauek kudeatzea oso garrantzitsua da, eta egoera honek argi utzi du hori". Laguntza gehiago eskatzen dituzte artisau arabarrek gainera. "Arabako Foru Aldundiak baditu bi laguntza mota, bat inbertsiorako eta bestea jarduerarako. Urtero ematen dituzte, baina ez dakit zer hartzen duten kontuan hauek ematerako orduan", adierazten du. Hala ere, faltan botatzen dute, adibidez covid-19aren egoera honetan, alokairuak, gizarte-segurantza, etab. ordaintzeko laguntzak. "Gasteizko Udalak merkataritzarako eman ditu batzuk, baina horiek soilik gasteiztarrentzat dira. Araban bizi direnek, berriz, ez dituzte halakorik jasotzen".

Artisau elkartean partekatzen duten sentsazioa egoera honen aurrean ziurgabetasunarena da. "Ez dakigu zer gertatuko den hurrengo aste eta hilabeteetan", gaineratzen du Olartek zentzu horretan. Izan ere, "gure produktuak lokalak dira, eskuz eginda, eta sektorearen etorkizuna erosleen esku dago ere", adierazten du.

Artisau batzuk jakinarazi diote, adibidez, Udalak urtero xaboia egiteko, koadernaketako eta abarreko tailerrak eskaintzen dituela. Aurten bertan behera utzi ditu guzti hauek, dioenez, eta hurrengo urtean ospatuko dira. "Kurtso hauek ematen dituzten artisau askorentzat hau da urteko fakturazioaren atal garrantzitsu bat. Gainera, ez dute hauek ematen dituen jendea abisatu, eta komunikabideetan irakurri behar izan dute".

Beste kezka batzuk dituzte. Arabako bi artisauk, momentu honetan Santanderren dabiltzatela azoka batean, nabaritu dute, antza, jendea gauzak ukitzeko beldur dela. "Horrek eragina dauka. Izan ere, ukitzen ez badu, ez du erosiko. Hauetan parte hartzen dugunean, protokolo guztiak errespetatzen ditugu", argitzen du Olartek.

Hori da, izan ere, artisau honek momentuz azoketan ez parte hartzera eraman duen arrazoietako bat. Izan ere, egurra eta erretxina lantzen dituenez eta desinfektatzeko zailak diren elementuak direnez, momentuz ez du hauetan parte hartuko. "Ezin ditut alkoholarekin desinfektatu, kaltetu daitezkeekalo", azpimarratzen du. Hala ere, bere web orrialdean ikusgai ditu bere produktuak (http://www.paletjauna.com ).

Horregatik, artisauek haien mezua herritar eta instituzioei bideratzen diete. Lehenengoei, laguntza gehiago eskatzen dizkiete, eta bigarrenei produktu lokalak sustatzea, tailerrak bisitatzea eta mundu honetan murgiltzea. Izan ere, artisauek zalantzaz beteriko etorkizuna ikusten dute orain, baina haien grina oso bizirik jarraitzen du eta lan egiten jarraitu nahi dutela argi daukate.

Artisau elkartearen lehendakariak covid-19ak eragindako aldaketak aztertzen ditu. Izan ere, egoera are zailagoa dela dio, orain azoken edukiera kontrolatu behar delako, salmenta-postu gutxiago daudelako eta neurri gehiago hartu behar dituztelako.

La Blancako artisau azoka bertan behera geratu zen, baina Lantalan gabonetako azoka prestatzen dabiltza jada. Hala ere, ez dakite azkenean ospatuko den ala ez.

Instituzioei laguntza gehiago eskatzen dizkie sektoreak, eta herritarrei tailerretara joatea eta eskuz eginda dauden produktu lokal hauek sustatzea.