- Behin eta berriz errepika-tzen den leloa da, baina hiritar guztiek oraindik ez dute berdin bereganatu; koronabirusa denon artean gelditu daiteke. Baina, horretarako, erantzukizun-dosi handi bat behar da herritar bakoitzeko.

Ardura horri heltzeko, Gasteizko alkateak, Vital Kutxarekin batera, Aurten ez kanpaina aurkeztu zuen atzo; izan ere, aurten ez da Gasteizko jaiez gozatu behar, baizik eta, aurten, arduratsuak izan eta nor bere burua zaindu egin behar du, gainerako herritarrak koronabirusaren aurrean babesteko.

Esan bezala, Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak landu duten Aurten ez kanpainako protagonistek indar guztiak 2021eko jaietarako gordetzeko eskatu diete herritarrei; hain zuzen, kontzientziaziorako deia egitea eta datozen egunetan jendearen elkarretaratzeak saihestea da kanpainaren helburua. Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan egin zen ekitaldia, eta bertan hauek hartu zuten parte: Gorka Urtaran alkatea, Estibaliz Canto Kultura zinegotzia, Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea, Lorena Garro medikua, Joel Andujar erizaina, Luis Tamayo Andre Maria Zuriaren Kofradiako kidea, Edurne-Neska txiki -Maite Salazar- eta Zeledon -Gorka Ortiz de Urbina-. Denek bat egin zuten datozen egunetan segurtasun neurriak zorrozteko eskatuz.

"366 egun falta dira maitasun izugarriarekin prestatuko ditugun jaietarako. Hori guztia posible izango da zuen laguntzarekin, aurten arduraz jokatuz, gure helburua baita datorren urtean gasteiztar bakar bat ere ez faltatzea ospatuko ditugun jaietara aurten egindako arduragabekeriagatik", azaldu zuen Vital Kutxako presidenteak. Hala, alkateak eta Jon Urrestik kontzientziazioaren garrantzia azpimarratu zuten, eta Vital Fundazioko presidenteak, pertsona bakoitzaren esku dagoela mezu horren arrakasta. "Gure ardura da, eta datorren urteko jaietarako 366 egun baino ez direla geratzen pentsatu behar dugu", berretsi zuen.

Ildo beretik jarraituz, Lorena Garro medikuak azpimarratu zuenez, "denok behar dugu elkar, horregatik da oso garrantzitsua maskara erabiltzea, eskuak maiz garbitzea eta distantzia soziala mantentzea". Erizainak, bestetik, hau adierazi zuen: "Jaiak ospatzen ditugunean, normalean eredu garen bezala, aurten ere hala izan behar dugu segurtasun neurriak betetzean, birusa hedatzen ez laguntzeko. Ezin ditugu biktimak ahaztu, ospitaleetan bizi izan dena eta etxean itxita egon garen denbora kontuan hartu behar dugu. Horregatik, aurten eredu izaten jarrai dezagun eskatzen dut. 2021eko Andre Maria Zuriaren jaietan pentsatu behar da", nabarmendu zuen. Antzeko zerbait adierazi zuen Andre Maria Zuriaren Kofradiako Luis Tamayok: "Aurten jaiak bereziak dira, aurten ez delako tokatzen". Tamayok herritarren erantzukizuna azpimarratu zuen: "Kofradiatik sakonki sentitzen dugu, minduta sentitzen gara. Baina aurten horrela da, ezin dugulako arriskurik hartu. Arduratsuak izan behar dugu eta geure burua zaindu, besteak zaindu ahal izateko", berretsi zuen.

Zeledon eta Edurne Txiki ere ekitaldian izan ziren, herritarrei erantzukizuna eskatuz, ez beraiengatik, gizarte osoagatik baizik. Edurne-Neska txikik (Maite Salazar) azpimarratu zuen aurten "beste modu batera ospatu" behar direla jaiak, "bihotzean eta etxean". Hala ere, jendea triste ez egoteko eskatu zuen, eta datorren urtean gogo handiagoz ospatzeko deia egin zuen.

Bestalde, Zeledonen hitzetan, "urtero eskatzen diet laguntza gasteiztarrei hilaren 4an arratsaldeko 6etan plaza zeharkatzeko, eta aurten besteengan pentsatzeko eska-tzen dut, gure buruarengan baino gehiago. Oso garrantzitsua da datorren urtean festetan inork huts ez egitea, eta horretarako aurten gure burua zaindu behar dugu".

'Aurten ez'. Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak landu duten "Aurten ez" kanpainako protagonistek indar guztiak 2021eko jaietarako gordetzeko eskatu diete herritarrei; hain zuzen ere, kontzientziaziorako deia egitea eta datozen egunetan jendearen elkarretaratzeak saihestea da kanpainaren helburua.

Esaldia. Jon Urrestiren hitzetan, "36 egun falta dira maitasun izugarriarekin prestatuko ditugun jaietarako. Hori guztia posible izango da zuen laguntzarekin, aurten arduraz jokatuz".