asteizek, Arabako, Euskal Herriko eta mundu osoko beste herri eta hiriek bezala, aurten ezohiko uda bat igaroko du, covid-19ak eragindako pandemiagatik. Horregatik, Save the Children erakundeak -erakunde independentea eta haurren eskubideen defentsan liderra mundu osoan- abian jarri ditu bere udalekuak Euskal Herrian, bazterketa-arriskuan dauden, eta bereziki koronabirusak eragindako krisiak egoera zaurgarrienean utzi dituen 200 haurrentzat. Horretarako, martxan dira jada Save the Children erakundeak Euskadin uda honetan egingo dituen jarduerak, hiri-udalekuak eta online ekitaldiak uztar-tzen dituztenak.

Koronabirusak eragindako larrialdia hasi zenetik, erakundeak Zure Ondoan programa martxan jarri zuen, eta horren bidez, “pobrezia- eta bazterketa-arriskuan dauden familia gehiago artatzen ditu, premia biziko elikagaiak eta ondasunak, hezkuntza-errefortzua eta laguntza psikologikoa emanez”.

Hala gogoratu zuten prentsa ohar baten bidez, eta bertan ere azpimarratu zuten aurten udako programak indartu dituztela Bizkaian eta Araban, “egoera zailenean dauden haurrei elikadura, laguntza ekonomikoa, hezkuntza-indartzea eta laguntza emozionala eman ahal izateko”. Horregatik, eta konfinamenduaren ondorioak ikusita, “haurren artean kirol-jarduerak eta bizi-ohitura osasungarriak sustatuko dituzte batez ere”. Ikastetxeak hilabeteetan zehar itxita egongo direnez, gainera, Save the Children erakundeak azpimarratu du programa hauek duten garrantzia -bereziki, aurtengo udan-, “egoera ahulean dauden ikasleen deskonexioa eragozteko eta baliabide gutxien dituzten adingabeek aukera berdinak izan ditzaten berma-tzeko”. Gainera, ikasturtean zehar, Save the Children-ek gogoratu zuen batez beste 500 haur artatzen dituela Euskadin, eta uda honetan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrekin jarduerak egingo direla interbentzioa burutzen den hiru udalerrietan: Gasteizen, Bilbon eta Barakaldon.

Gasteizen kasuan, udalekuak Udalarekin koordinatuta egingo dira. Asteartean hasiko dira eta astean behin aurrez aurreko jarduerekin osatuko den online formatua izango dute nagusiki. “Save the Children erakundeak parte hartzen duen gainerako herrietan bezala, hiriko koloniak hamabostean behin egingo dira, eta abuztuaren 19ra arte iraungo dute”, adierazi zuen erakundeak prentsa ohar horretan.

Azken finean, “uda oso zaila izango da haurrentzat eta familia ahulenentzat, Koronabirusaren krisi ekonomiko eta soziala pairatzen ari baitira”, aztertu zuen Euskadiko Save the Children erakundearen zuzendari den Charo Arranzek. Izan ere, uda deskonexiorako denbora epea da, baina “haur askorentzat baliabide eta errefortzu falta dakar honek, eta, aldi berean, aisialdi aberasgarria izateko aukerak mugatzen ditu, ingurune kalteberetan nekez eskura daitezkeenak”.

Halaber, erakundeak adierazi zuen bezala, egoera hauekin guztiekin haurren garapen integrala atzeratzeko eta eskola uzteko arriskua oso handia da, eta “are handiagoa gaur egun, hiru hilabete baino gehiago ikastetxera joan gabe egon ondoren”. Zentzu horretan, Arranzek ere gaineratu zuen programa hauen inguruan hauek indartu dituztela “baliabide gutxien dituzten haurrek denbora gehiagoz elikadura egokia izan dezaten, atari zabaleko jarduerez goza dezaten eta irailean ikasgeletara itzultzeko behar duten hezkuntza-laguntza jaso dezaten”. Izan ere, zuzendariarentzat laguntza gehigarri hori “funtsezkoa da familia askorentzat, eta etxe ahulenetako haurrak atzean gera ez daitezen lagunduko du hau guztia”.