- Covid-19ak egunerokotasunean ematen ziren ohitura batzuk aldatu ditu eta aisialdi establezimendu batzuk konfinamendu eta segurtasun neurriak direla eta itxi behar izan dute. Hala gogoratu zuten Ikusgunetik, lgtbi+ fobiaren kontrako behatokitik, prentsa ohar baten bidez. Horregatik, liburuxka bat argitaratu berri dute, Zaindu zaitez izenpean, cruising eremuetan, beste baten etxean edo etxe propioan ematen diren hitzorduetan eta ligatzeko aplikazioetan segurtasuna sustatzeko.

Liburuxkak oso publiko zabala duela gogoratu zuten; "aipatzen diren ekintzen tokiak ere oso anitzak dira. Hau dela eta, harreman sexu-afektiboak bilatzen diren tokietan eragina izan nahi dugu. Cruising eremuak gay edo gizon bisexualak erabiltzen dituzte batik bat. Eetxeetan geratzea edo ligatzeko aplikazioak ordea publiko zabalagoa dute lgtbi+ pertsonen artean", zioten.

Gainera, covid-19a dela eta, konfinamentu garaian ligatzeko aplikazioen erabilpenak gora egin zuela nabaritu zuten Ikusgunekoek, eta deseskalatze prozesuan, beste aukera batzuen gabezia dela eta, "cruising espazioak aukera bat bihur daitezke pertsona askorentzat. Lgtbi+fobiaren kontrako behatokitik ligatzeko espazio sanoak, gune hauetan arduraz jokatzea eta zaintza propioa zein kolektiboa sustatu nahi dugu".

Argitaratu berri duten gida honetan cruising eremuetan eta ligatzeko aplikazioetan, bakoitzaren etxera eta beste norbaiten etxera joaten direnean edo sexu harremanak dituztenean, egoera desatseginak ekiditzeko kontutan hartu beharreko gomendio batzuk proposatzen dituzte. "Liburuxkan ere ingurunearekiko errespetua kontutan hartzen da". Gasteizko Udalak eta Ikusgunek duela gutxi aurkeztutako Gasteizen sexu ?orientazioaren eta genero-identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko III. Txostena -2019ko maiatzetik-2020ko apirilera- kontutan izan duela ere adierazi zuten prentsa oharrean.

"Txostenean jaso ditugun gertakarien datuen arabera jazarpena eta irainak dira gehien errepikatzen diren erasoak sare sozial eta ligatzeko aplikazioetan. Hauek dira hain zuzen lgtbi+ kolektiboarentzat gunerik erasokorrak", azaldu zuten amaitzeko.