akua BHIk aurrera jarraitzen du bere Europa mailako proiektuekin. Oraingoan, batxilergoko 1. mailako kultura zientifikoko ikasleek, Ixone de la Puente irakasleak zuzenduta, eTwinning proiektu batean parte hartu berri dute. eTwinning Erasmus+ programaren atala da, Europar Batasunak hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako duen programaren atala. Helburua bertan parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideia trukea eta lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea da informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez. Ekintza hau Europa osoan koordinatzeko, eTwinning-ek Laguntza Zerbitzu Nagusia du Bruselan eta herri bakoitzean Laguntza Zerbitzu Nazionala. Datu eta informazio guztiak haien web orrialdean daude, https://www.etwinning.net/es/pub/index.htm eta Autonomi erkidego bakoitzak badu bere eTwinning ordezkaria ere.

Kasu honetan, eta aldaketa klimatikoak hegazti migratzaileen migrazio-patroietan eragindako ondorioak ikertzeko, Lakua BHIrekin batera, IES Matarraña (Veldarrobles-Teruel), Thorén Business School (Suedia) eta Sandsli Videregående Skole (Norvegia) parte hartu dute.

"Proiektu honetan murgildu garen irakasleak elkar ezagutu genuen Madrilen azaroan ospatutako topaketa batean. Hezkuntza ministeritzak Europa mailan antolatutako ikastaro bat zen. Bertan ezagutu genuen elkar. Formakuntza ikastaro bat zen eTwinning proiektuen inguruan. Han jaio zen elkarlanean aritzeko proposamena. Proiektu batzuen adibideak eman zizkiguten eta ideia piztu zen", azaltzen du de la Puentek. Izan ere, esperientzia hau berria da berarentzat, baina "oso pozik" dago emaitzarekin.

Egindako proiektua "oso ondo" atera da. "Urtarrilaren amaieran hasi ginen proiektuan lan egiten, eta martxoaren amaieran amaitu genuen. Aurreratuta geneukan lana", eta azkenerako dokumentazioa geratu da. Hori konfinamenduan egin dute ikasleek. Aurrera atera dute, eta autonomiarekin "ondo" lan egin dutela dio irakasleak.

Ikasle guztien parte-hartzea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzearren talde mistoak egitea erabaki zuten. "Zazpi talde egin genituen eta talde bakoitzean ikastetxe guztietako ikasleak zeuden. Gasteizkoak liderrak izan dira proiektuan. Guk irakasle gisa gidalerroak ematen genizkien eta haiek betetzen zuten lana".

Hizkuntza arazo txiki bat izan da proiektuan. Izan ere, Norvegiakoekin eta Suediakoekin ingelesez hitz egin dute. Haiek espainiera daukate atzerriko hizkuntza gisa, eta hasi dira ikasten, baina "zaila izan da batzuetan komunikazioa. Hala ere, oso ondo atera da". Atarian jarduera bat ere egin zuten Gasteizko ikasleek, eta hegazti desberdinak ikusi eta identifikatu zituzten bertan, batxilergoari zuzendutako ingurune heziketarako programan.

Ideia hau jaio zenean, "ikusi genuen biologiako bi irakasle ginela, baita espainierako beste bat. Horregatik, proiektu hau elebiduna izatea erabaki genuen. Ondino batzuk harremanetan jarraitzen dute beste ikastetxeetako ikasleekin", azpimarratzen du.

Proiektua egitean ateratako ondorioak espero zituztela ere dio. Ideia zen hegazti batzuen migrazio aldaketak aztertzea, eta horrela "ikusi dugu aldaketa klimatikoa dela eta batzuk negu-pasarako guneetara itzultzea atzeratzen dutela". Erregistro batzuk konparatu dituzte. Ikusi dute migratzen zuten hegazti batzuk orain ez dutela egiten, eta beste batzuk migrazio horiek atzeratzen dituztela. Ikerketak egiten dituen ornitologia elkarte batekin hitz egin zuten eta datu horiekin "baieztatu dugu normalean hitz egiten dena, aldaketa klimatikoak eraginak dituela. Hori ere da interesgarria, ikasleek oinarri zientifiko bat dagoela ikus dezaten".

Orain tramitatzen dabiltza Kalitate Zigilu Nazionala, "proiektua ondo dagoelako". Irakasleek egindako lanagatik ematen dira, eta eskatzen duten irakasleei ematen zaizkie, ez proiektuan parte hartu duten guztiei. Horregatik, Ixonek aurreratzen duenez, irakasle guztiek eskatu behar dituzte eta bakoitzaren ekarpena ikertuko dute hauek onartzeko ala ez. Aurrera jarraitu nahi dutela ere argi dauka, baina ez daki zer egingo duten. Gainera, eTwinning-a tresna oso erabilgarria dela dio, eta ikasleen autonomia sustatzen duela ere. Horregatik, interesgarria dela deritzo beste ikastetxeetan eTwinning proiektuak egiten hastea. Honetan parte hartu duten ikasleek ez dakite zehazki zer egingo duten etorkizunean, baina batzuengan ornitologiaren inguruko grina ere jaio da. Etxetik dabiltza ikasten, eta gauza asko dituzte pentsatzeko.

Helburua. Helburua bertan parte hartzen duten herrietako irakasle-ikasleen arteko ideia trukea eta lankidetza sustatzea eta harremanak erraztea da.

Zigiluak. Kalitate Zigilu Nazionalak irakasleek egindako lanagatik ematen dira, eta eskatzen duten irakasleei ematen dira, ez proiektuan parte hartu duten guztiei.

Lakua BHIko irakaslea oso pozik dago bere eTwinning-eko lehenengo esperientziarekin. Proiektu hauekin aurrera jarraitu nahi dutela ere dio.

7

Ikasle guztien parte-hartzea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzearren talde mistoak egitea erabaki zuten. Zazpi talde egin zituzten guztira eta talde bakoitzean ikastetxe guztietako ikasleak zeuden. Gasteizkoak, gainera, irakasleak dioenez, proiektuaren liderrak izan dira.