- Atzo Abiadura Handiko Trenaren eta Hegoaldeko Tren-Saihesbidearen aurkako herri mugimenduen iniziatibaz eta tren sozial baten alde, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean kalera irten ziren abiatu berri duten Orain Ardura kanpaina plazaratzera. "Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala, kolektibo ekologistak, feministak, pentsionistak, kultura arlokoak zein auzo eta herri ekimenetako ezberdinak, dagoeneko, atxikitu dira ondoren irakurriko dugun manifestura", gogoratu zuten.

Gasteizen kasuan, Txagorritxuko atean elkartu ziren, covid-19ko osasun krisi honetan "Txagorritxuko langileak jo ta su aritu direlako beraien osasuna eta beraien familiarena arriskuan jarriz".

Manifestua Txagorritxuko erizain batek eta Gasteizko Mugimendu Feministako kide batek irakurri zuten sinatzaile guztien izenean, eta bertan, "bizi dugun egoera honetan, arduraz jokatzeko eskaera da luzatu nahi duguna, pertsonen osasuna eta bizi baldintzak kolokan diren momentu honetan, baliabideak berauen ongizatea bermatzeko izan daitezen", adierazi zuten.

Manifestu horretan, iraganari buruz hitz egin zuten, 2008ko krisiari buruz, baita orainaldiari buruz -sinatutako manifestuaren arrazoiak eman zituzten, "Gobernuek AHT bezalako azpiegitura handietan, inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat alorretan, hala nola Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan" adieraziz-, baita etorkizunari buruz. AHTko inbertsio ekonomiko osoa "premiazkoak" diren alorretara bideratzea eskatu zuten amaitzeko. "Nahikoa langile eta baliabide dituen osasun publiko bat; adinekoen, mendekoen eta hauek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; oinarrizko diru sarrerak guztiontzako; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaranzko hautua, etab. Aurrez aurre dugun krisi ekologiko eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra dugu".