-Astelehenarekin batera, Mercedes-Benz Gasteizko enpresak ateak irekiko ditu berriro bertako langileek beraien lanpostuetara itzuliz. Izan ere, DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariak jakin duenez, enpresako zuzendaritzak hilaren 27an erabaki zuen enpresa berriro irekitzea.

Mercedes martxoaren 14an itxi zuten, eta apirilaren 13an edo 20an irekitzeko asmoa zuen hasieran, baina hala ere adierazi zutenez, denbora beharko zuten segurtasun neurri bereziak indarrean jartzeko. Azkenean, egunkari honek jakin duenez, datorren astelehenean ekingo dio enpresak instalakuntzen normaltasunari eta funtzionamenduari, pixkanaka bada ere. Hala, konpainiak atzo adierazi zutenez, "Daimler taldearen estandar onena jaso dugu. Txinako lantegietan eta Alemaniako gure lantegietan alderdi sozialarekin sinatutako akordioetan berriro hasi izanaren esperientzia daukagu, betiere jardunbide onenak erabiliz", helarazi zuten. Eta esperientzia horretan oinarrituta egin du lan orain Gasteizen, segurtasun, osasun- eta higiene protokoloetan, hain zuzen ere. Izan ere, konpainia honetatik jakinarazi dutenez, "gure langileen osasuna zaintzeko gure konpromisoa eta jarrera une oro gure lehentasun nagusia izan dela azpimarratu nahi dugu. Konpromiso horrekin lan egin dugu, bai Daimler taldearen mailan, baita herri mailan ere".

Ildo beretik, konpainiak azpimarratu du lantegietan inplikazio handia egon dela talde osoaren aldetik, taldekideen artean koronabirusak ez kutsatzeko: "Gure lantegian denok egon gara inplikatuta gure jendearen osasuna zaintzeko. Lan hori gure prozesuetan, gure azpiegituretan, gure lan-antolaketan eta gure lantegi produktiboetan landuz egin dugu".

Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegian planifikatutako babes-neurriak "Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin bat egiten dute, multinazionalaren arabera, eta datorren astelehenean jarduerara itzuliko dela berretsi du, lan-txanda batekin, "produkzio-prozesu berriak sendotzeko eta babes-neurriak kasu bakoitzean eta lanpostu bakoitzean eraginkorrak direla berresteko".

Mercedesetik jakitera eman dutenez, lehenengo instalazioak martxan jartzeko beharrezkoak diren langileak hasiko dira lanean, eta, ondoren, gainerako langile guztiak. Gainera, hasieran goizeko txandan bakarrik lan egitea aurreikusten da, hau da lan txanda bakar batean. Jarduera hasi eta lehenengo eta bigarren astean, langileek goizeko txandan baino ez dute lan egingo. Hirugarren astetik aurrera aktibatuko da berriro arratsaldeko txanda. Maiatzaren 18ko astean normaltasunez lan egingo da berriro hiru txandetan, goizean, arratsaldean eta gauean.

Gainera, jarduerari ekin aurretik, langileek babes pertsonaleko neurriei buruzko prestakuntza jasoko dute. Halaber, lan egiteko maskarak, eskularruak eta gelak emango dira, eta pertsonen segurtasuna mantentzeko hainbat neurri aztertzen ari dira, hala nola, etenaldiak eta txanda-aldaketak mailakatzea, Instalazioetara sartu aurretik tenperatura ere hartuko zaie langileei, desinkeztatze lanak areagotzea, botoi eta pultsadore arruntak desinfektatzea, eta aperitiboen eta kafearen makinak itzaltzea, langileak atsedenaldian bil ez daitezen, kutsatzeko aukera egon dadin, besteak beste.

Horrela, Mercedes normaltasunera itzultzen saiatuko da astelehenetik aurrera. Beste enpresa batzuek, Michelinek adibidez, beren jarduerari ekin diote jada, baina pixkanaka ekin diote. Adibidez, jarritako neurrietako bat langileak murriztea izan zen.