rabako udako harrera-familiek ez dute itxaropena galdu eta, nahiz eta egunero covid-19aren inguruko egoera behin eta berriz eraldatu, haiek espero dute dena lehenbailehen konpontzea eta, horrela, herrialde desberdinetatik datozen umeek aurten ere hemen izatea.

Hala ere, kasu batzuetan, erabakia hartu dute jada. Izan ere, Espainiarako saharar delegazioak pasa den astelehenean bidali zuen jakinarazpen bat. Bertan, covid-19a dela eta, Oporrak Bakean programa bertan behera geratu dela aurreratu zuten. Programa hau saharar umeak hemengo familiekin uda pasatzera ekartzean datza, eta aurten Araban parte hartuko zuten 50 familia inguruk ezin izango dute ume hauekin uda igaro, egoera lasaitu arte gomendioak eta segurtasun neurriak kontuan hartzea garrantzitsuena baita. Bidalitako komunikatuan, gainera, programa honen garrantzia azpimarratu zuten, baina momentu honetan bizi den egoera dela eta erabaki hau hartzera behartuta zeudela gogoratu zuten. Izan ere, haurrak eta familiak babesteko neurri bat da, eta nahiz eta "min handia" eman, har zezaketen erabakirik "onena" dela zioten.

"Pena handia" ere daukate Afanisekoek, harrera-programa honetan parte hartzen duen elkarteak. Hala ere, argi daukate hurrengo urtean indarberrituta ekingo diotela berriz lanari. Bestalde, Bikarte eta Chernobil elkarteek aurrera jarraitzen dute, momentuz, haien harrera-programekin. Hori bai, oraindik ez dakite zehazki zer gertatuko den hurrengo aste eta hilabeteetan, eta horregatik itxaroten dabiltza, zer gertatuko den ikusteko eta horrekin erabakiak hartzeko.

"Momentuz eman dugun pausoa atzeratzearena izan da. Aurrera jarraitzen dugu izapideekin eta erabaki duguna umeek denbora gutxiago etortzea izan da", dio Belen Carbalhok, Bikarteko Arabako kontaktua. Elkarte honetan Errusia eta Bielorrusiatik etorritako umeak ekartzen dituzte udan eta gabonetan hemen denbora emateko familia batekin. 7 urte baino gehiago dituzte, eta 18ak betetzean programatik ateratzen dira. Hala ere, familia batzuk harremanetan jarraitzen dute helduagoak direnean ere.

Posible bada, aurreratu zuten, uztailaren amaieran etorriko dira. Izan ere, hegazkina aldatu ahal izan dute. Han, hemen bizi den egoerarekin alderatuz, gertatzen ari dena desberdina da. Carbalhok dio momentu honetan ez dituztela herrialde horietan neurri gehiegi hartu. "Jendeak beldurra dauka, eta neurrien inguruan ez dira gehiegi hartu. Arazoa hori da". Izan ere, umeek badakite birusa dagoela, eta horietako asko Italiara joango ziren baina ez dira ere hara joango. "Irakasleek eta tutoreek baimenak sinatu dituzte baina ez dakigu kontsulatuak zer erabaki hartuko duen", azaldu du. "Ez dugu geldiarazi nahi. Momentuz mantenduko dugu, baina zoritxarrez uste dut ez dela aurrera aterako. Ez dut argi ikusten".

Berak dioenez, familiekin hitz egin dute eta ulertu dute egoera dela eta ezin dela gehiagorik egin. "Pena daukate baina birusa kontrolpean ere utzi behar da. Galdetu diegu ea denbora gutxiago etortzea nahi duten". Dena konpondu arte erabakiak eta ideiak hartzen eta pentsatzen hasi dira beste aukera batzuk kontuan izateko. Irailean gabonetako kanpainarako hitzaldiak ematen hasiko dira, eta horren inguruan diote beste aukera bat hori izan daitekeela, haurrak gabonetan denbora gehiagorako etortzea.

Chernobil elkartea Bestalde, Chernobil elkartekoek ez dakite momentu honetan zer gertatuko den. Hala ere, berretsi nahi dute haien esku badago umeak aurten etorriko direla. Ez dute harrera-programa bertan behera utzi, eta soilik hartuko dute erabaki hori ekainean ezagutzen badute ukrainarrak ezin direla etorri. "Uztailaren 1a baino lehen dena konpontzen bada, programak aurrera jarraituko du. Segurtasuna da lehentasuna", dio elkartearen lehendakari eta boluntarioa den Marian Izagirrek. Bitartean, "elkarte bezala familietatik gertu gaude eta bi proiektu egin ditugu egun hauetan", azaldu du. Lehenengoa familia sare bat izan da. "Norbaitek laguntza behar badu zer edo zer egiteko, edo telefonoz hitz egin nahi badu, hor gaude. Saiatzen ari gara gure familiak babestuta mantentzen".

Gainera, talde handi bat osatzen dutela diote eta orain ere, larrialdi egoera honetan, elkartasuna ageri da. "Baita ere lehen mailako produktuak Ukrainako familiei helarazteko laguntzen gabiltza", dio elkartearen lehendakariak. "Momentu hauetan ezin dugu inor atzean utzi. Gainera, han ez daukate hemen daukagun osasun zerbitzua". Han, Ukrainian, ez dutela larrialdi egoera dekretatu gogoratzen du Marianek, baina egoera antzekoa dela dio; umeak etxean daude, eta segurtasun neurriak hartzen dituzte. "Hala ere, kutsatu gutxiago daude".

Hemen Araban 20-25 harrera-familia inguru daude programa honetan parte hartzen. "Gainera, aurten, maiatzaren 15ean ateak ireki ahal baditugu eta familiaren bat parte hartu nahi badu onartuko dugu, betiere umeak ekarri ahal baditugu, noski". Horretarako, 670 419 078 telefono zenbakira deitu behar da elkartekoekin harremanetan hasteko. "Elkartearekin jarri behar dira harremanetan interesdunek. Familia batzuk azaroan eman zuten izena, baina epe txiki batean ere egin dezakegu dena", dio lasaitzearren Marianek.

Parte hartzeko lehenengo urratsa elkar ezagutzea da. "Aurten aurreikusita zegoen harrera uztailaren 1etik abuztuaren 27ra arte izatea", eta horrela izatea espero dute. Izan ere, programa hauetan parte hartzen duten familiek, normalean, errepikatzen dute, nahiz eta aurten egoera ohiz kanpokoa izan.