- Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bat egiten du covid-19aren aurkako borrokan eta, horregatik, osasun-langileak eta herritarrak babesteko material desberdinak sortzen saiatzen ari dira.

"Euskadiko Teknologi Parkeen Sarea, bertan biltzen diren 544 enpresa, 43 teknologia- eta ikerketa-zentro eta 18.489 langileekin batera, buru-belarri ari da lanean, bere ezagutzen eta esperientziaren bitartez covid-19ari aurre egingo dioten konponbide materialak aurkitzeko", adierazi zuten atzo Euskadiko Teknologi Parkeen saretik. Eta gaineratu zuten ere: "Azken asteotan, sare osoa aktibatu da osasun larrialdiari aurre egiteko, eta zenbait kasutan ohiko produkzioa ere aldatu dute, lehentasuna emateko koronabirusaren aurkako borrokari".

Horrela, biozientzien eta osasunaren sektoreak, adibidez, hainbat ikuspegitatik egiten du lan koronabirusaren aurka, baina badira beste sektore batzuk ere, hala nola manufaktura eta fabrikazio gehigarria. Hala, enpresa eta sektore horiek hainbat alderdi jorratu dituzte, hala nola osasun arloko profesionalak babesteko elementuak sor-tzea, koronabirus testak sortzea eta garatzea, eta pandemiaren aurrean komunikaziorako zerbitzuak egitea, atzo zehaztu zutenez. Ildo beretik jarraituz, Osasen bezalako enpresak lan eta lan ari dira koronabirusaren diagnostikoan. "Enpresa horrek gaixotasun desberdinekin lotutako analitoak identifikatu eta monitorizatzeko Point of Care (PoC) gailuak egiten ditu, eta orain lanean ari da covid-19aren markagailuak ahalik eta azkarren detektatuko dituen dispositibo bat sortzeko. Dispositibo berri horrekin posible izango da analisiak egitea arreta-puntuan eta paziente larrien diagnostiko goiztiarra ahalbidetzea", jakinarazi zuten.

Badira beste enpresa batzuk ere lanean diharduenak: "Arlo horretan baita ere, Progenika Biopharma bere TMA teknologian (transkripzio bidezko anplifikazioa) oinarritutako diagnostiko-metodo bat garatzeko prozesua azkartzen ari da. Teknologia horrek birusa detektatu dezake PCRetan (polimerasaren kate-erreakzioa) oinarritutako teknikek adinako sentsibilitatearekin. Progenika elkarlanean ari da bere matrizeko (Grifols) hainbat alorrekin, kit horren amaierako baliozkotzea helburu harturik. Kit horiek automatikoki prozesatuz, ekipo bakoitzarekin 1.000 lagin baino gehiago aztertu ahal izango dira". Diotenez, test hori eskuragarri egongo da datozen asteetan. Bestalde, Grifols matrizea sendatutako gaixoen plasma erabiltzen hasi da entseguetan, Espainiako Medikamenduaren Agentziarekin eta FDArekin (AEBak) batera.