Gasteiz. Gasteizko Udalak, Gazteria zerbitzuaren bitartez eta Gardentasun eta Edukien atalarekin lankidetzan, Instagram profil bat sortu du herritar gazteei ahotsa emateko helburuarekin. @vitoriagazteok kontua 16 eta 35 urte bitarteko hiritarrek kudeatuko dute, baita Gasteizen ikasi eta lan egiten dutenek ere. Estatu mailan ekimen hau aitzindaria da. Tresna honen bidez, gazte guztiek aukera izango dute haien sormena eta komunikazioa sustatzeko, hauek gehien erabiltzen duten sare sozialetako bat baita.

Oihane Sarasti da lehenengo kudeatzailea. Atzo bertan hasi zen bi asterako lanarekin, eta argitaratu zuen lehenengo argazkia bere burua aurkezteko erabili zuen. Hurrengoa Yeray Dominguez izango da eta beste bi astez ibiliko da kontua kudeatzen eta edukia partekatzen. Atzo biak egon ziren Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziarekin eta etorkizunean parte hartuko duen beste gazte batekin -Iñigo Contrasta- ekimen hau IES Ekialdea institutuaren batxilergoko ikasleei erakusten, hauen parte-hartzea sustatzeko asmoz.

Oihane eta Yeray oso pozik daude haien eginkizunekin eta biziko duten esperientziarekin. Gainera, parte hartzea oso erraza dela diote. Izena emateko bi pauso eman behar direla azaldu zuen atzo Miren Fernandez de Landak. "Parte hartu nahi duten gazteek bi aukera izango dituzte. Alde batetik, v-g.eus/vitoriagazteok webgunean sartu eta formulario erraz bat betetzea. Hautatutako pertsonek bi astez kudeatuko dute kontua, eta Gasteizko gazteen enbaxadore lanaren ordain gisa, erosketa-txartel bat (60 euroan balioetsia) jasoko dute hiriko saltokietan gastatzeko".

Hala ere, parte hartzeko beste aukerak ere badaude. Beren profiletatik @vitoriagazteok kontuan aldian behin antolatuko diren lehiaketetan parte hartu dezakete, eta horrekin ere erosketa-txartelak (kasu honetan, 30 euroan balioetsiak) irabazi ahalko dituzte.

Udalak Gasteizko gazteei beren nortasuna eraikitzen eta autonomia pertsonala garatzen laguntzea, baita gizartean modu aktibo eta parte-hartzailean txertatzen laguntzea ere du helburu profil honekin. "Haiek izango dira proiektuaren protagonista nagusiak eta kudeatzaile aktiboak. Adinaz eta Gasteizekin duten harremanaz gain, baldintza bakarra izango da: Instagrameko profila izatea eta sare hori erabiltzen esperientzia pixka bat izatea", amaitu zuen Fernandez de Landak.

Erantzukizuna Oihanek, Iñigok eta Yerayk erantzukizunaren pisua nabaritzen dute, eta horregatik kontuz ibiliko dira haiei dagokienean. Iñigo, adibidez, oraindik ez daki noiz kudeatuko duen profila, baina argi dauka zer igoko duen egokitzen zaionean. "Argazkiak ateratzea gustoko dut, eta sare-sozialetan aktiboa naiz. Gasteizko paisaiak partekatuko ditut, baita tranbia berriaren argazkiak ere", dio.

Yerayk, bestalde, kirola eta txirrindularitza maite ditu, eta horregatik bi aste barru, bere txanda heltzen denean, txirrindularitzarekin erlazionatutako edukiak igoko ditu, baita Gasteizko erdialdearen argazkiak ere. Bere kasua, gainera, berezia da. Gazteria zerbitzutik kontaktatu zuten Instagramen bidez bera bere profilera igotzen zituen argazkiak gustoko zituztelako.

Oihanek, lehenengo kudeatzaileak, kontzientzia hartzeko erabiliko du bere bi asteko epea. Hiru ardatzetan oinarrituko da. Bera zeliakoa denez, horren inguruko elementuak partekatuko ditu, jendea kontzientziatzeko. Gainera, irakaslea denez, bigarren ardatza heziketa afektibo-sexuala izango da. Azkenik, saskibaloi jokalaria ere denez, kirolari ere boterea emango dio genero ikuspegi batekin.

Guztiek egunero igo beharko dute zerbait, bai argazkien bidez bai azkar ezabatzen diren storyen bidez, eta bertan gustoko edo gustoko ez dituzten ideiak eta edukiak sartuko dituzte. Oihanek, Iñigok eta Yerayk argi daukate gazte eta adingabeei helduko diren edukiak direla, eta horregatik erantzukizunaren zama nabaritzen dute, baina haiek maite dutena partekatzeko aukera paregabea dela ere ikusten dute, eta hori da haientzat garrantzitsuena. Izan ere, erabilera arduratsua egingo dutela diote, haien profiletan egunero egiten duten bezala.

parte hartu

Kudeatu. Profila kudeatu nahi dutenek v-g.eus/vitoriagazteok webgunean sartu eta formulario erraz bat bete dezakete. Hautatutako pertsonek bi astez kudeatuko dute kontua, eta Gasteizko gazteen enbaxadore lanaren ordain gisa, erosketa-txartel bat (60 euroan balioetsia) jasoko dute hiriko saltokietan gastatzeko.

Lehiaketak. Gazteek beren profiletatik @vitoriagazteok kontuan aldian behin antolatuko diren lehiaketetan parte hartu dezakete, eta horrekin ere erosketa-txartelak (kasu honetan, 30 euroan balioetsiak) irabazi ahalko dituzte.

Lehenengoa. Lehenengo kudeatzailea Oihane Sarasti da. Atzo hasi zen kontuan edukia partekatzen; lehenengoa, bere burua aurkezteko irudi bat.