gasteiz - Arabako Kalkuluguneak (AKSA) bere sorreraren 50. urteurrena ospatu zuen atzo, erakunde ekitaldi batean Artium Zentro-Museoan. AKSA da foru administrazioarentzat eta Arabako toki erakundeentzat irtenbide informatikoak eta teknologikoak garatzen dituen foru sozietatea. Atzo ospatutako ekitaldira, sozietatearen plantilla osatzen duten ehun profesional baino gehiago eta iraganean plantilla osatzen zuten erretiratuak hurbildu ziren, elkarrekin oroimenak partekatzeko.

Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak, Gasteizko Udal Aurrezki Kutxak eta Merkataritza Ganberak sortu zuten Arabako Kalkulugunea 1969ko azaroaren 4an. "Entitatea sei pertsonako plantilla batekin eta ordenagailu batekin besterik ez zen hasi, eta haren jarduera lehenengo urte horietan Gasteizko Udal Aurrezki Kutxaren eta beste banku erakunde batzuen premietan oinarritu zen", gogoratu zuten.

Handik aurrera, bere historia bizipenez beteta egon da. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdialdean bihurtu zen Arabako Foru Aldundia bezero nagusi. Hala ere, haiek lanean jarraitu zuten Arabako beste erakunde batzuentzat, baita beste lurralde batzuetakoentzat ere.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, haren ordenagailuetan Arabako 300.000 biztanleen datuak, 70.000 errenta aitorpen inguru, eta 175.000 dokumentu historiko eta kultural pilatuta zeudela jada adierazi zuten ere Arabako Foru Aldunditik. Haren profesionalak, joandako 50 urte hauetan, funtsezko proiektuak garatu eta inplementatu dituzte diru bilketarako, zerga iruzurraren aurkako borrokarako, kontabilitaterako, datu pertsonalen babeserako eta Foru Aldundiaren zerbitzu publikoak kudeatzeko. Izapide elektronikoa da egun haren erronka nagusietako bat, hala nola Foru Aldundiaren web egitura berria, herritarrei eta enpresei online izapideak egin ditzaten ahalbidetzeko.

Gaur egun, kalkuluguneak ehun profesional baino gehiagoko plantilla dauka, haren buru Nerea López de Aguileta delarik, eta haren proiektuak garatzeko sail, erakunde eta foru sozietateek eta toki erakundeek langai duten informazio guztia pilatu, prozesatu, jakinarazi eta babesteko baliabide teknologikorik berrienak ditu. - S. Cabrera