Barrutia kirol elkartea 1989an sortu zen, Barrutia ikastolari lotutako eskola-kiroleko programaren barruan atletismoa egiten zuten kirolari eta entrenatzaile talde batek, federatzeko unea iristean, elkarrekin jarraitzeko Barrutia kirol elkartea sortu zuenean. Urte batzuk geroago Barrutiak Mendizorrotzan bere eskola sortzeko aukera ikusi zuen eta «gaur egun Mendizorrotzan kirol erakunde bezala lan egiten dugu, adin txikienetatik hasi (6 urteko eskola kirolekoetatik) eta beteranoetaraino, maila guztietan», azaldu digu Marta Mirumbrales klubeko presidenteak. Denbora honetan guztian, Barrutiak etengabe jarraitu du atletismoa zabaltzen eta sustatzen, eta kirol-proiekziorik handiena duten atletei entrenamendu- eta lehiaketa-baldintza onenak ematen ere saiatu da. «Gure ustez, oso positiboa da kirol honek dituen diziplina ugariek bere baitan har ditzaketela trebetasun, kezka eta gustu oso desberdinak dituzten kirolariak. Ia edonork aurki dezake bere lekua atletismoan. Emakumeen kirola bultzatzearen alde ere lan egiten dugu, eta, bestalde, oso kirol aberasgarria da, entrenamendua mistoa baita», eta horrek erraztu egiten du genero-berdintasunaren aldeko lana.

Hazi gurekin

Hauxe litzateke klubaren ezaugarria. Barrutiak 190 eskola-lizentzia inguru ditu, eta hauek dira kirolari horiekin planteatzen diren helburuak: «kirol-jardueraz gozatzea eta oinarrizko mugimen-gaitasunak garatzea», dio Martak, «eta epe luzera atletismoa funtsezko zutabea izatea haientzat beren bizitzan, eta nerabezarora iristen direnean kirol horri lotuta jarraitzea, federatutako kategorietan. Gure helburua kirolaren esparruko balio eta ohitura osasungarrietan prestatzea da, eta balio horiek bizitzako beste arlo batzuetara estrapolatu daitezke. Atletismora jolastera etorri ziren haurrak izatetik kirol anbizioak, erronka pertsonalak eta egunez egun hobetzen jarraitzeko ilusioa duten gazteak izatera pasatu nahi ditugu».

Entrenamenduak

Maila txikienetan, 6 eta 9 urte bitartekoetan, entrenamendua jokoaren bidez oinarrizko mugimen-gaitasunak hobetzean oinarritzen da. Horrela, txikiek atletismoko diziplinen oinarri diren oinarrizko trebetasunak lantzen dituzte, betiere ikuspegi ludiko batetik. Geroago, entrenamenduak pixka bat gehiago orientatzen eta espezializatzen hasten dira. Aldaketa progresiboa da. «Jarduera ludikoak mantentzen dira berotze ariketetan, eta diziplina desberdinetako ariketa teknikoagoak sartzen hasten dira. Beti aritzen gara eskola-kategorietan diziplina guztietan atleta guztiekin, eta espezializazioa federatzearekin batera heltzen da», azaldu digu Martak.

Denboraldia

Presidentearen hitzetan, «aurten, eskola-kirolari dagokionez, ona izaten ari da, baina pixka bat kaotikoa. Eskola-lizentzien kopurua handitzen ari da, eta kontuan hartuta kirol honetan kirol-erakunde guztiok espazioa eta ordutegiak partekatzen ditugula, eta gaur egun birmoldatzen ari dela atletismoko kanpoko pista, eta, gainera, atletismoko moduluan 120 laguneko gehieneko edukiera izanik, ez gara sartzen. Txandaka antolatu behar izan dugu, eta txandakatuz goaz moduluaren eta kanpoaldearen espazioen artean, saskibaloi-kantxetan eta solarium-eremuan, baina ez dira egokiak atletismoa garatzeko, are gutxiago egun euritsu eta hotzetan. Agian une egokia da atletismoa praktikatzeko material egokiak dituen estalitako instalazio bat eskatzeko. Gasteizko klimarekin ezin hobea izango litzateke entrenatu eta lehiaketak egin ahal izateko, autonomikoak zein nazionalak. Tarteko beste aukera batzuk ere badaude: modulu zabalagoak; kalitate oneko pista eramangarriak, erabilera anitzeko pabiloietan muntatu eta desmuntatzen direnak... Alde horretatik, denboraldi zail samarra izaten ari da, baina eskola-kirolari dagokionez, pozik gaude. Eskola haziz doa eta gazteek kirolaz gozatzen dute».

Lehen Maila Nazionala

Aurtengo ekainean Barrutiaren emakumezkoen taldeak klubaren helburu handienetako bat lortu zuen, lehen maila nazionalera igotzea. «Kirol-arrakasta hori 18 urtetik beherako neskekin lortu zen; beraz, oso talde gaztea da, eta arrakasta horren ondorioz, Barrutia eta Vitoria-Gasteiz estatu mailan kokatzen dira emakume kirolaren barruan, eta hori oso garrantzitsua eta oso positiboa iruditzen zaigu, baina emaitza horiek erronka handia dira ekonomiaren ikuspegitik». Ildo horretan, kluba finantziazio-iturri berriak bilatzen ari da, «ez dugu uste gure atleten kuota handitzea zuzena denik, atletismoa guztiontzako kirola izan behar baita. Ez da kirol elitista bat, eta ez dugu izatea nahi. Uste dugu kuotak garestitzeak kirol-jardueratik aldenduko lukeela gizarte-talde bat, jasaten ari garen egoera ekonomikoarekin nahiko zabala dena, eta, beraz, ez dator bat gure filosofiarekin».