Ikasturte honetan ere, Arabako ikasleek naturaz eta mendiaz gozatzeko aukera izango dute Arabako Mendizale Federazioaren eskutik. 28 hitzorduk osatzen dute aurtengo irteeren egutegia. Lehenengoa azaroaren 15ean ospatu zen, eta larunbatetik larunbatera, oporrak izan ezik, ekainaren lauko azken festara arte luzatuko dira, Araian izango dena. Ikasleek jarduera horietan parte hartu nahi duten ikastetxeak arduratzen dira aste bakoitzeko deialdiaren berri emateaz, interesa duten haurren izenak apuntatzeaz eta Federazioari jakinarazteaz, beharrezko autobusak eta begiraleak gaitu ditzan.

«Irteera bakoitzaren aurretik lan handia dago», aipatzen du David Navas Federazioko eskola-kiroleko programaren arduradunak, «irteeretan parte hartuko duen begirale taldea prestatu behar da, ibilaldiak berrikusi behar dira txango bakoitzaren aurretik, egon daitezkeen aukerak ikusi behar dira...». Baina ahalegin horrek merezi du; izan ere, ingurune natural batean sozializatzeaz eta kirola egiteaz gain, txikiek primeran pasatzen dute txango horietan. Joan den larunbatean horietako batean parte hartu genuen.

08.50

Mendizabalako aparkalekuan elkartzen hasi dira laino artean lehen mendizaleak. Ikasturte honetako hirugarren irteera da eta oraindik prozedura koipeztatzen ari da: IGE berriak daude, jende berria, eta pixka bat kostatzen du dena abian jartzeak, beraz, inskripzio batzuk gaur goizean bertan egiten dira. «Gainera, mendiko kirola antolatzeko zailxeagoa da. Ez duzu beti parte-hartzaile kopuru bera izaten, eta jokalekua ere ez da beti berdina izaten. Kontuan hartu behar dira mendiaren berezitasunak», dio federazioko Javi Calvok, irteera hauetan laguntzera joaten denak.

09.00

Azkenik, ibilaldi honetan 60 ikasle inguruk hartzen dute parte, eta horretarako bi autobus eta zortzi begirale prestatu dira. Bidaiako elkarrizketa errepidea baino sigi-sagatsuagoa da, eta harrigarria bada ere, txiste batzuekin hasten den solasaldia Star Wars sagako ekoizpen berrietara bideratzen da eta grabitatearen legeari buruzko hainbat gogoetekin bukatzen du. Bitartean, autobusaren atzealdeak kantatzea erabaki du, eta hartan-horretan Urkiolara heltzen gara.

10.08

«Eta nora goaz gaur?», galdetu du txangozaleetako batek. Argi dago garrantzitsuena lagunekin elkartzea eta kirol une honetaz gozatzea dela, «kategoriarik eta lehiaketarik gabe», Javi Calvoren esanetan. Beharrezkoa den ekipamendua oso oinarrizkoa da: arropa egokia, mendiko botak, itzultzean oinak atseden hartzeko eta autobusa lokatzez ez betetzeko zapatilak, eta hamaiketakorako zerbait... «Gurasoei umeak ondo gosalduta etortzeko ere eskatzen diegu, eta motxilen tamainarekin ez pasatzeko», gehitu du Junek, begiraleetako batek.

10.48

Ganaduarentzako pasabide bat saihestu behar da, non mendizale txikienek oin bat sartzeko arriskua duten. «Bideak berrikusita daude eta egon daitezkeen arazo guztiak hartzen dira kontuan. Gainera, irteeretan segurtasuna bermatzeko oso prestatuta dagoen monitore talde bat daukagu», ziurtatu du Davidek. Berrogei minutu gorantza egin ondoren giroa oso ona da eta «polita da ikustea nola elkartzen diren taldeetan eta nola hitz egiten duten beren gauzei buruz. Gainera, ikusten dugu helduenek nola artatzen eta laguntzen dieten txikienei. Helduek asko laguntzen digute», dio begiraleetako batek.

11.10

Azken arrapala egin ondoren, eta mendi-hegalean bazkatzen ari den behi baten begirada kuxkuxeroak zainduta, taldea Saibi mendiaren gailurrera iristen da. Norbaitek taldeko argazkia egitea proposatzen du, baina proposamena bertan behera geratzen da: hamaiketakoa egiteko ordua da eta argazkiak itxaron beharko du. Lainoa beherago geratu da, eta mendizaleek Saibigainek eskaintzen dizkigun ikuspegiez goza dezakete euren ogitartekoak jaten dituzten bitartean.

11.50

Alluitz-Anbotoko ikuspegi ikusgarria dugu Urkiolara itzultzeko bidean. «Asko gustatzen zait irteeretara etortzea, ezagutzen baititut leku eta ibilbide berriak, gero, igandeetan, aitarekin egin ditzakedanak. Mendiko begirale izateko prestatu nahi nuke» dio Naroak, mendizale nagusienetako batek. Oinak aireztatu eta botak zapatilekin aldatu ondoren busean itzulera animatzeko zozketa bat egiten da. Mendiko lagunekin azken solasaldiak eta Mendizabalako aparkalekuan gaude. «Mendian bizitzea gustatuko litzaidake. Etxeko atea ireki eta usain hori aditu...», dio txikietako batek.