Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Kutxabank erakundeari esleitu dio Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landa eremuko 38 udalerritan kutxazain automatikoak instalatzeko eta mantentzeko kontratua.

Eskaintzak aurkezteko hilabeteko epearen ondoren iritsi da esleipena, eta 1.149.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak abiatutako esleipen prozesuaren amaiera dakar, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Kontratuarekin, Berosi programako ekintza nagusietako bat gauzatzeko "urrats erabakigarria" emango da. Eusko Jaurlaritzak landa eremuko zerbitzuak eta bizi-kalitatea indartzeko martxan jarritako programa da Berosi.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, "kutxazain hauen ezarpenak oinarrizko zerbitzua eskainiko die udalerri hauetako herritarrei, orain arte horren gabezia izan baitute.

"Sail honek lanean jarraitzen du Euskadiko landa eremuetako bizilagunen bizitza hobetzeko. Eusko Jaurlaritza konprometituta dago lurralde oreka eta aukera berdintasuna bermatzeko, bai eremu urbanoan bai landa eremuan", azpimarratu du.

Esleipenak ezartzen du 38 kutxazainetatik 31 gehienez bi urteko epean jarriko direla martxan, eta lehenengoak 2026ko urtarriletik aurrera funtzionatzen egotea espero da.

Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bilera erronda egin du aukeratutako udalerrietako udalekin, esleipenaren gaineko xehetasunak helarazteko eta udalek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Kutxazain bakoitzerako kokapen egokienak udalek aukeratuko dituzte, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzua abiatzeko azkartasuna bermatuz.

Horrela, Gipuzkoan, Abaltzisketa, Albiztur, Ezkio-Itsaso, Hernialde eta Leaburun kokatuko dira kutxazainak; Araban, Añana, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Elburgo, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lantaron, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Zambrana eta Zigoitian, eta Bizkaian, Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika, Zaratamo eta Ziortza-Bolibarren.