Pasa den larunbatean Dulantziko CD Alegría futbol klubeko emakumezkoen bi taldeei —erregionalari eta eskola mailakoari— herrian jokatzea egokitu zitzaien. "Herriko jende asko etorri zen partidak ikustera, ez bakarrik gurasoak, lagunak ere; giro ederra egon zen. Herriko jendea animatzen ari da eta preferenteko taldearen partidak ikustera etortzeaz gain neskenak ere ikustera ere etortzen da, eta hori jokalariei asko gustatzen zaie". Horrela azaltzen dena Rosa Ballesteros da, denboraldi honetan klubeko presidente gisa hasi dena, "klubeko batzordean bost urte eman ondoren". Alboko zelaian eskola mailakoak entrenatzen diren bitartean, bera eta klubeko kirol koordinatzailea den Jon Alaña, erakundeaz eta bereziki, bere emakumezkoen taldeez mintzatzen dira: "Gure helburua emakumezkoen bi talde hauek mantentzea da, eta bajarik ez izatea. Aurten bi neska beste klubetara joan dira, eta beste batzuk bere adineko ohiko arazoak dituzte: kanpora joaten dira ikastera, lanean hasten dira…". Klubaren beste helburuetako bat eskola taldearen eta erregeionalaren arteko bitarteko talde bat lortzea da, bataren eta bestearen arteko jauzia oso handia baita, baina oraingoz zaila izango dela dirudi.

Denboraldia

Hogeita hamar neska inguru biltzen dira Alegrian futbolean jokatzeko, "Maeztuko, Oreitiako, Birgarako... jokalariak daude, Aguraingo batzuk erregional mailakoan, baina gehienak hemengoak dira". Entrenatzaile lanetan Alegria klubeko neskek ere konpromiso handia hartu dute, eta badaude zenbait emakume neskak zein mutilak entrenatzen kategoria ezberdinetan.

Lagun arteko partidak jokatu ondoren, datorren larunbatean izango da eskola mailakoen estreinaldi ofiziala, eta Alañaren hitzetan "txikiak bi aste hauetan jokatutako partiduetan asko hobetu dira. Azken partiduan, nahiz eta galdu, oso txukun jokatu zuten, eta erregionalekoek ere izan dituzten hiru partidetan oso ondo aritu dira, aurten taularen erdialdetik ibiltzea espero dugu".

"Oso ondo pasatzen dut, lagunekin jolasten eta ikasten dut"

Giro ona da gehien estimatzen dutena eskola mailako taldeko neskek

Erregionaleko taldearen harrobia dira —taldearen % 90 gutxi gorabehera eskola-mailatik datozen jokalariek osatzen dute—, eta judo edo rokodromoa bezalako beste kirol batzuetan ere aritzen diren arren, futbola da gehien gustatzen zaiena. «Oso pozik etortzen dira partidetara eta entrenamenduetara, eta daukaten giro ona ikusgarria da», nabarmendu du Rosa presidenteak.

Batzuk dagoeneko «beteranoak» dira talde honetan, Joneren kasuan bezala, 6 urte baitaramatza bertan. Beste batzuek, Onak eta Lisabek esaterako, dagoeneko pare bat daramatzate, eta badira gaur talde honetan estreinatzen direnak ere, Izaroren kasuan bezala.

Baten bat beste kiroletatik dator, "Nik ballet egiten nuen, eta egiteaz aspertu nintzenean, futbolean apuntatu nintzen», azaldu du jokalari batek, baina gehienek argi zeukaten hasieratik: "Niri txikitatik gustatu zait, eta jokatu nahi nuen", "Etxean gurasoei eta ahizpari gustatzen zaie, eta niri ere, eta apuntatu nintzen".