Gasteizko Udalak identifikazio eta seinaleak aldatzeko lanak hasi ditu Vera-Cruz eta Corazonistas ikastetxeentzat denbora mugatuko bi aparkaleku eremu berri prestatzeko. Aparkaldi azkarreko guneak dira (gehienez hiru minutu), 'Kiss & Go' izenekoak (musu eman eta joan), eta autoz iristen diren ikasleak oinez joan daitezke haietatik ikastetxeraino. Era berean, gehienez 20 minutuz aparkatuta egoteko plaza batzuk ere gordeko dira.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak nabarmendu duenez, aparkaldi azkarreko gune horiek egiteko ostegun honetan hasitako lanak "pauso berri bat" dira Vera-Cruz eta Corazonistas ikastetxeen inguruko segurtasuna hobetzeko.

Aparkaldi azkarreko formula berriak hainbat helburu ditu, hala nola ikastetxeetatik gertu sortzen diren pertsonen eta ibilgailuen ohiko pilaketak saihestea, arriskutsuak direlako; ikastetxeetatik gertu aparkatzeko modu bat bermatzea, orain arte baino modu ordenatuagoan; eremuko ingurumen kalitatea hobetzea, askotan bertan pilatzen diren ibilgailuen isurpenak aurreztuta, eta familiei denbora aurrezteko aukera ematea euren eguneroko joan-etorrietan.

Txandakatze handiko aparkaleku berriak martxan jartzeko, trafikoa berrantolatzeko hainbat neurri hartu behar dira. Hain zuzen, alde batetik, Frai Francisco ibilbideko zirkulazioa debekatuko da, Batan ibilbideko bidegurutzetik aurrera, eta baimena duten ibilgailuak baino ezingo dira pasatu. Kale horretako auzotarrek beren pasabideetarako sarbidea mantenduko dute.

Beste alde batetik, Batan ibilbideko zirkulazioaren norabide bat kenduko da. Horri esker, errei bat libre geratuko da, aparkaleku berriak sortzeko, eta beste erreia Nieves Cano kalera joateko izango da.