“Mugikortasun aktiboaren alde egiten duen eta bizikletaren erabilera sustatzen duen hiri batentzat, lehentasuna du garraiobide horren erabiltzaileek bizikletak ongi eta modu seguruan aparkatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak eskura jartzea. Hiri osoan zehar banatuta ditugun milaka plazez gain, aparkaleku seguruen sare handia dugu, eta laster handitu egingo da sare hori, Herrandarren kaleko espazio berri horrekin”. 

Autobus-geltoki zaharrean bizikletentzako aparkaleku seguru berri bat egiteko obrak datorren astean hasiko direla iragarri du Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen arloko zinegotziak. 174 bizikleta gordetzeko lekua izango du, bi altueratan. Autobus-geltokiaren barrualdean egongo da aparkaleku berria, eta egungo haurrentzako jolas eremu estaliaren laurden bat hartuko du. Sarbidea independentea izango da, eta bizikleta berezientzako plaza egokituak izango ditu. Inbertsioa 300.000 eurotik gorakoa izango da, eta, lanak egiteko epea, 18 astekoa. 

Artolazabalek azaldu duenez, “lanen arrisku maila dela eta, eraikina itxi beharko dute eta, hortaz, haurrentzako jolas eremua ere bai. Aldi baterako itxiko dute, haurrak babesteko eta egokitzapen-lanak egin artean istripurik ez gertatzeko. Lanak amaitutakoan, jolas eremua berriz irekiko dute”.

Iglu berri hori irekitzen dutenean, VGBiziz sareak 17 aparkaleku seguru izango ditu, eta 1.166 plaza. Hirian zehar sakabanatutako espazio horiek kaleko doako aparkalekuen eskaintza osatzen dute. Zerbitzu hau kudeatzen duen enpresak, PVerde izenekoak, egindako azterlan baten arabera, “leku seguruetan plaza gehien dituen Estatuko hiria gara. Eta sare hori indartzen jarraitzea da gure helburua, iglu eta lonja berrien bidez”, amaitu du zinegotziak.