Vitoria-Gasteizko Udalak irmo eta gogor gaitzetsi eta arbuiatu nahi du salatutako sexu-erasoa, eta babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi die biktimei eta ingurukoei. Horretarako, haien esku jarriko ditu behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak, eta haien interesekoa den informazio guztia izango duela bermatzen du.
Horrekin lotuta, kasuaren berri izan eta ikuspegi osoagoa eta zuhurragoa izateko informazioa kontrastatu ondoren, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistari Erantzuteko Gasteizko Udaleko Protokoloa jarri du abian.
Gasteizko Udalak adierazi nahi du indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela. Gainera, lehen mailako arazo soziala da, batez ere hori jasaten duten eta horri aurre egin behar dioten emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko eta moralaren aurka egiten baitu. Indarkeria hori ez da soilik ekintza isolatu bat (edo batzuk); gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, normalizatutako mezuen eta mezu sinbolikoen multzoa baizik; indarrean jarraitzen duen sistema heteropatriarkalaren baitan, gizonek emakumeak menpean izateko helburu nagusia duten mezu eta jokabideak dira.
Horrekin lotuta, "Gasteizko Udalak erakunde publiko gisa emakumeen giza eskubideak bermatzeko erantzukizuna du, eta udal-erakundeek eta oro har herritarrek eraso matxisten aurrean berehala eta modu irmoan erantzuteko neurriak sustatzen, biktima lehentasunez artatzen, indarkeriari aurre egin ahal izateko emakumeei tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzen eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzen jarraituko du. Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenen barruan laguntzen eta lanean jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatu ahal izateko".