Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Haziak gazteen ideia lehiaketaren hamabigarren edizioko sei proposamen onenak aukeratu ditu, aurkeztutako 12 proposamenen artetik. Saridunek laguntza teknikoa eta gehienez 3.000 euroko finantzaketa jasoko dute beren proiektuak garatzeko.

Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak gazteen parte hartzea nabarmendu nahi izan du bereziki. "Denbora eman dute proposamenak pentsatzen eta prestatzen, eta horiek aurrera eramateko Gazteria Zerbitzuaren laguntza jasoko dute. Gainera, bereziki nabarmendu beharrekoa da ideia guztien originaltasuna. Horrek agerian uzten ditu parte hartzaileen ahalegina eta ilusioa", gaineratu du.

Aurreko edizioetan saritutako tematikak errepikatzen ez zituzten proiektuei eman diete lehentasuna

Gazteen ordezkari batek eta Gasteizko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetzako Zerbitzuetako teknikariek osatu dute lehiaketaren epaimahaia, eta sormenaren eta kulturaren inguruko proposamenen bideragarritasuna, originaltasuna eta lotura nabarmendu dituzte, baita gazteen helburu den publikoari ematen zaion protagonismoa ere. Gainera, aurreko edizioetan saritutako tematikak errepikatzen ez zituzten proiektuei eman diete lehentasuna.

Aurkeztutako 12 proiektuen artetik bat izan da 14 eta 20 urte bitartekoen kategoriagoa, eta gainerakoak 21 eta 30 urte bitartekoen kategoriakoa. Azkenean, 'Queerclogénesis explosiva' (Ariana Ruiz de Azúa eta Sara Gonzalez Vega), 'Gaupasa' (Iratxe Aguilera Barrio, Tamara Moreno Garcia eta Julen de la Serna Martinez), 'Jon eta Itsaso' (Mikel Sanchez Duran), 'Manita' (Rafael Hernandez Jimenez), 'El caballero ganso' (Aritz Lopez Arruerena) eta 'El arte de crear ritmos' (Jon Vazquez Porcel) izan dira sarituak.