Dena prest dago larunbat honetan San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko 2024ko Arabako Jaietarako antolatutako ekitaldi ofizialei hasiera emateko, kuadrillen lehiaketa gastronomikoekin eta Fanfarre Egunarekin.

Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du streaming bidez emango direla www.araba.eus webgunean hilaren 24ko pregoi iragarlea, hilaren 27an Probintzia Plazan egingo den erretreta eta apirilaren 28ko zortzikoa. Edizio honetako berritasun honi Artiumen Arabako Domina emateko jada egiten zen streaminga gehituko zaio.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak bizitegi-plan partzial berri bat onartu du San Roke inguruan, Eltziegoko udalerriko hiri-lurzoruaren hego-ekialdean. Hirigintza-antolamenduaren proposamenen helburua da 86 etxebizitzako bizitegi-programa ahalbidetzea, bi tipologia desberdinekin: 77 etxebizitza familia anitzeko blokean eta 9 etxebizitza familiabakarrean.

San Roke udalerriko hiri-lurzoruaren hego-ekialdean dago, Barrihueloko mendi-mazelaren ondoan, San Roke bidearen (eremuari izena ematen dion ermita) eta Lapuebla de Labarcarako errepidearen artean. Eremuak 36.664 m2-ko azalera du guztira.

Plan Partzialaren hiri-egitura ardatz nagusi lerromakur baten inguruan antolatzen da, ipar-hegoaldean. Lurraren baldintza topografikoetara egokitzea eta dagoen nukleoarekin konexio argiak sortzea bilatzen da. Ardatz nagusi horrek eremuaren iparraldean dagoen San Rokerako igoera eta hegoaldean dagoen Lapuebla de Labarcako errepiderako sarbide berria lotzen ditu. Ardatz nagusia oinezkoentzat eta ibilgailuentzat izango da, eta zuhaiztiak eta zolatutako eremu zabalak izango ditu. Bertan bilduko dira zerbitzu-sareak. Ardatz nagusi horren osagarri, sektorea Barrihuelo auzoarekin lotzea proposatzen da, eskaileren eta oinezkoentzako arrapalen bidez.