Udalak Eguberrietako ohiko zorion-mezua argitaratu du
Gasteizko Udalak Eguberrietako ohiko zorion-agurra argitaratu du. Gasteizko Eguberrietako elementu eta pertsonaia tradizionalak protagonista dituen eta ‘stop-motion’ teknikaren bidez prestatutako animazio-bideoa da.
hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez, bideoaren abiapuntua izar iheskor handi bat da eta Florida parkeko kiosko gainean geldituko da. Hortik hasiko du Arabako hiriburuan egun hauetan ikur esanguratsuenetako batzuk zeharkatuko dituen ibilbidea: Floridako izotz-pista, Jaiotza monumentalaren haitzuloa, gaztaina-saltzailea, Olentzero eta Mari Domingi, errege magoak eta abar.
Ibilbidean zehar, "Gasteizko toki eta eraikin sinboliko batzuk ikusteko eta ezagutzeko aukera egongo da: Floridako kioskoa, lau dorreak edo ‘Begirada’ eskultura, adibidez. Ibilbidea amaitzeko, Eguberrietako zuhaitz handi bat azalduko da. Lorratz handi batek inguratu ondoren, berriro ere izarra bihurtuko da bideoaren protagonista", azpimarratu dute gaur bertan Gasteizko Udaletik.
Tokiko Tik Tak Animation estudioak egin du Udalaren zorion-mezua. Estudioa “Txontxongiloa” lanarekin animazioko film labur onenaren kategorian Goya sarietarako izendatu duten Gasteizko zuzendariak, Sonia Estévezek, zuzendu du.
Bideoa egiteko garaian, atzealdetik argi ahul batek argiztatutako paper zurizko egiturekin egindako maketa erabili dute. Pertsonaiak, silueta artikulatuak, ere paperez eginda daude. Horrek guztiak sakontasun sentsazioa eta girotze atsegina eta beroa ematen ditu.