Gasteizko Espainia plaza da EITBk ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en urtea agurtu eta kanpainak emateko aukeratu ohi duen lekua. Iazko arrakasta ikusita, Gasteizen aldeko apustua egin du berriro EITBk. 23:00etatik aurrera mahatsak eta kotilioi poltsatxoa banatuko ditu, bertaratu eta ospakizunarekin bat egingo duten guztientzat.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez, "ETB1en Nerea Reparazek, Julen Telleriak eta Miren Nogalesek gidatuko dute zuzen-zuzenean “Kaixo 2024” saio berezia abenduaren 31n. ETB2n, berriz, África Baeta, Ane Ibarzabal eta Txurru aurkezleen kontakizunaren bidez jarraitu ahal izango dira kanpaiak. Halaber, eitb.eus-en zuzenean eskainiko dira bi emanaldiak", azpimarratu dute prentsa-ohar baten bitartez.

Ildo beretik, kanpaien ondoren su artifizial saio batekin emango zaio hasiera urte berriari EITBko bi telebista kanaletan, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2024ari ongietorria emanez, sorpresa artean. Euskal talde ezagun baten musika saioa jarraitu ahal izango da eta dantzariak ere izango dira gauan behar bezala ospatzeko.

Azkenik, Euskal diseinatzaileak arduratuko dira EITBko aurkezleak dotore janzteaz. Miren Nogalesek SISTER SISTERen jantzia eramango du; Eder Aurrek África Baeta eta Ane Ibarzabalentzako arropak diseinatuko ditu; Getaryko Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok Nerea Reparazen jantzia sortuko dute; Neu taldeko Julen Imazena eramango du Txurruk, eta Aldabaldetreku jostundegiak jantziko du Julen Telleria.