Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Aleko jarri du abian. Programa berritzaile honi esker, lehen sektorean ekin nahi duten pertsonek beren proiektuak aurrez probatzeko aukera izango dute Gasteiz inguruko lurretan.

Aleko nekazaritza arloko proba egiteko espazioa da Europako CROPS4LIFE proiektuaren laneko ildoetako bat eta bere helburua da tokiko nekazaritza-produkzioko modu berrien bideragarritasuna egiaztatzea eta lehen sektorera ekintzailetza berriak gehitzea.

“Alekori esker, ekintzaileek (testerrak deitzen zaie) nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako proiektua ebaluatzeko eta jarduerarekin aurrera jarraitu edo proiektua bertan behera utzi nahi duten erabakitzeko aukera dute. Nekazaritzako test-espazio horiek nekazaritza arloko prestakuntza eta lan-munduratze profesionalaren artean daude eta nekazaritzaren sektorean ekitearen konplexutasuna eta arriskua gutxitzea dute helburu”, azpimarratu du Ingurumeneko zinegotzi Borja Rodríguezek.

ALEKOren jarduera-testaren lehen etaparen baitan, 720 orduko ikastaroa eskainiko dute: “Ekoizpen birsortzaileko 6 eredu, ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik”. 2024ko otsailetik uztailera arte iraungo du (6 ordu goizez).

Ikastaroa hainbat modulutan banatuta egongo da Alekon garatu nahi diren nekazaritzako erabilera guztien inguruko ikuspegi orokorra eskaintzeko. Gainera, nekazaritzako ekintzailetarako gerturatzea egingo da ekonomia sozialaren eta solidarioaren ikuspegitik: nekazaritza birsortzailearen oinarriak, baratzezaintza biointentsiboa, baratzezaintza estentsibo birsortzailea, lehorreko laborantza estentsiboak, frutagintza, abeltzaintza dibertsifikatua, basoko artzaintza eta basoen kudeaketa, ekonomia sozial eta solidarioa, eta taldeen kudeaketa.

Saioak Basaldea izeneko Udalaren mintegi agroekologikoko instalazioetan, Arkauteko nekazaritza-eskolan eta Alekok Monasteriogurengo kontzejuan dituen lursailetan egingo dira.

Basaldean, baratzezaintza biointentsiboko produkzio-ereduarekin egingo dituzte probak, eta Monasteriogurenen, aldiz, eredu hauek ikasiko dituzte: baratzezaintza estentsiboa, lehorreko laborantza estentsiboak, frutagintza, abeltzaintza dibertsifikatua eta basoko artzaintza.

Nekazaritzako proiektu bati ekiteko interesa duten pertsonek Alekon izena eman dezakete urtarrilaren 9aren arte Udalaren webgunean (www.vitoria-gasteiz.org).

Matrikularen prezioa 83,79 eurokoa da eta zaurgarritasun-arriskuan dauden kolektiboentzako deskontuak daude.

Ondoren, Alekok laguntza intentsiboa (mentoringa) eskainiko du urtebetez nekazaritzako test-espazio horretan bertan beren proiektu profesionala probatu nahi duten pertsonentzat. 2024ko otsailetik uztailera bitarte egingo da.

Mentoringa amaitzean, Alekok etengabeko laguntza eskainiko du beste 12 hilabetez (2025eko iraila – 2026ko abuztua) proiektu propioa behin betikoz instalatu bitartean.

CROPS4LIFE proiektuari eta Aleko nekazaritzako test-espazioari buruzko informazio guztia Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren webgunean dago kontsultagai.