Amarica Aretoak "#serlobas" argazki erakusketa inauguratu du
Erakusketa abenduaren 1etik 2024ko urtarrilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai
Abenduaren 1etik 2024ko urtarrilaren 28ra, Amarica Aretoan "#serlobas" egongo da ikusgai, hau da, Elisa Miralles eta Lurdes R. Basolí argazkilariena, emakumeen gorputzen beste iruditeria bat esploratzeko, elkarlaneko argazki koral baten bidez.
"Mndeetan zehar, gizonaren desioak bultzatutako irudikapen maskulino batek objektualizatu, sexualizatu, gaitu emakumeak", adierazi dute artistek eta gaineratu dute: "Emakumeen edertasun kanonak hainbat modutan zapaltzen gaitu oraindik, eta tresna indartsuena irudia da. Espetxe narratibo horretatik irteteko, unibertso polifoniko bat eraikitzen ari gara, non emakumeak kosifikazio leku pasibo batetik autoirudikapen leku aktibo batera igarotzen ari baikara".
Arabako Argazkigintza Elkarteak bultzatuta, erakusketak, argazkigintzan oinarritutako diziplinartekoa da, hormako kopiak eta testura desberdineko oihal handietan inprimatutako erretratuak konbinatzen ditu, eta areto ilun bat ere du, horretarako berariaz sortutako esperientzia pieza bat hartzen duena. Bi proiekzio gurutzatu zenbait ispilutan islatzen dira, bi soinu artistak garatutako site specific musikak lagunduta: Eneritz Furyak irundarra eta Donostian bizi den Oriol Flores katalana.
"Helburua da emakume gorputz hibrido bat sortzea, munstroaren boterea eta gure alde animala berreskuratzea eta, horrela, gaur egun oraindik nagusi den zapalkuntza estetikotik askatzea", azpimarratu dute argazkilariek.
Erakusketa, halaber, ikusmen desgaitasuna duten pertsonengana hurbiltzen da; izan ere, erakusketako argazkirik funtsezkoena erliebez inprimatu da. Horrela, ikusmen desgaitasuna duten pertsonak erakusketara heldu daitezke ikusmenaren eta audiogida baten bidez, Itziar Bastarrika argazkilari oñatiarraren testuarekin eta ahotsarekin.
Miralles eta Basolíz gain, beste 37 egilekidek ere osatzen dute erakusketa, eta Terrassan, Madrilen, Kordoban, Valentzian eta Rubín 2021eko azarotik 2023ko urrira bitartean egindako topaketa tailerren bidez gehitu zaizkionak proiektuari. "Zalantza eta zaurgarritasuna sorkuntza potentzialtzat jotzen dituen zirkulu sinboliko baten barruan, emakume argazkilari eta ez argazkilarientzako topaketa tailerretan musa izatetik argazkilari izatera igarotzen ari gara. Gure gorputzen inguruan kontakizun berri bat eraikitzen dugu, orain guk kontatua", zehaztu zituzten argazkilariek.
Begirada eraldatzeko topaketa tailerra, eta erakusketa bera
2024ko urtarrilaren 12, 13 eta 14an, bi artistek beren topaketa tailerretako bat egingo dute Gasteizko Emakumeen Etxean. Hiru egunez eta konfiantzazko espazio batean, bertaratutakoek emakumeen edertasun kanonari buruz hitz egingo dute, argazkiak aterako dituzte eta sortutako materiala batera editatuko dute. Topaketatik ateratzen diren argazkiek Amarica aretoaren erakusketa berregituratuko dute, eta, horrela, begirada berriak gehituko dira.
"#serlobas etengabeko mutazioan dago, denborarekin aldatzen doan proiektu bizia da, gure gorputzek egiten duten bezala", azaldu dute egileek.
Pantailaren bidezko topaketa baten emaitza
"#serlobas" Lurdes R. Basolík eta Elisa Mirallesek pandemiaren ondorioz etxeko konfinamenduan pantailaren bidez egindako topaketaren emaitza da. Astero, ospe handiko argazkilari horiek beren prozesu artistikoak partekatzen zituzten, emakume gisa eta egile gisa berrelikatzen eta babesten, eta dinamika horrek gaur arte dirau.
Orduan erabaki zuten duela sei urte baino gehiago hasitako argazki ikerketak batzea, "Ser otra" eta "Loba". Horrela sortu zen "#serlobas" proiektua, lehen aldiz Terrassako (Bartzelona) Muncunill aretoan aurkeztu zena eta penintsulako hainbat lekutan zehar bidaiatu duena: Alcala de Henaresko Unibertsitateko Argazkilaritzari buruzko Kongresua, Torroella de Montgríko Mirades jaialdia Gironan, Gijongo XIX. Argazki Topaketak, Granollerseko Roca Umbert Fábrica de las Artes (Bartzelona), etab.
Amarica Aretoa
Amarica Aretoak irudia eta ikusizko arteak testuinguru garaikidean sustatzea, indartzea eta zabaltzea proposatzen du. Horretarako, hainbat erakusketa eta jarduera programatzen ditu, argazki- eta ikus-praktika sustatzeko.
Arabako Argazkilaritza Elkartea
Arabako Argazkilaritza Elkartea irabazteko xederik gabeko erakundea da, eta argazkigintzaren dibulgazioa eta ikaskuntza ditu helburu nagusi.
1993an sortu zen, desagertutako Arabako Foru Aldundiko Kultura Kontseilu zaharraren Argazkilaritza Atalaren alternatiba gisa. Harrezkero, etengabeko bilakaera izan du bazkideen ahaleginari eta ilusioari esker, bai eta laguntza moral eta ekonomikoari esker ere. Laguntza hori hainbat erakundetatik jaso dute, bereziki Arabako Foru Aldunditik, Gasteizko Udaletik eta Vital Kutxa Fundaziotik.
Oro har, artearekiko eta, bereziki, argazkigintzarekiko duten interesari dagokionez, tokiko argazkilaritza ehuna osatzen duten espazioekin harreman zuzena eta arina izatearen alde egiten dute, hain zuzen: EAO, Amarica Aretoa, Artium Museoa eta Montehermoso Kulturunea, besteak beste.
Elisa Mirallesen biografia
Elisa Miralles (Madril, 1978) ingeniari kimikoa eta argazkilaria da 2007tik, urte horretan aurkeztu baitzuen bere lehenengo lana Erromako Argazkigintza Jaialdian. World Press Photo beka jaso zuen Manilan Urban Youth proiekturako. La Caixa Fundazioaren lehenengo FotoPres saria irabazi zuen 'Recuerdos sin memoria' proiektuarekin, Alzheimerrak jota dagoen bere amamaren egunerokotasuna deskribatzen duen dolu aurreratua dena. Lan hori Darkside erakusketa kolektiboaren parte izan zen, Winterthur-ko Fotomuseoan.
Art Photography Show (AEB), PhotoIreland (Irlanda) edo Goaphoto (India) jaialdietan parte hartu du. Granitti Muralesen (Sicilia) egoitza artistikoa lortu zuen, eta bertan hasi zuen Loba proiektua.
Haren WANNABE liburua La Fábricak argitaratu zuen, eta Canal de Isabel II aretoan erakutsi zen Un cierto panorama kolektiboaren barruan, Latinoamerikako hainbat herrialdetatik doana.
Lurdes R. Basolí-ren biografia
Lurdes R. Basolí (Granollers, 1981) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Ramon Llull Unibertsitatean. 2010ean, Inge Morath saria irabazi zuen, Magnum agentziak emana. Jasotako beste aintzatespen batzuk dira Ani Pixpalace de Visa Pour l’Image saria, La Caixa Fundazioaren FotoPres beka eta World Press Photoren Joop Swart Masterclass.
Bere lana museoetan eta arte zentroetan erakutsi da, hala nola Caixaforum, Arte Ederren Zirkulua y Espacio Fundación Telefónica Madrilen, Fotohof Galerie eta Landesgalerie Linz Austrian, Fotografie Forum Frankfurt Alemanian, Baku Museum of Modern Art Azerbajanen, Thought Pyramid Art Center Nigerian eta PhotoEspaña, Panoràmic, Photo Beijing eta Noorderlicht jaialdietan, besteak beste.
Gaur egun, enkarguak irakaskuntzarekin eta bere proiektuekin konbinatzen ditu. Roca Umbert Fábrica de las Artesen (Granollers) bizi da.
Temas
Más en Araba
-
Pradales: "Necesitamos mayor ritmo para descarbonizar nuestra industria y es decisivo el suministro energético”
-
En imágenes: Pradales visita la planta de Vidrala en Laudio
-
Vidrala reclamará por las “pérdidas millonarias” que le causó el apagón masivo
-
Bodas de oro en el 'corazón' de Txagorritxu y Gazalbide