Vital Fundazioaren Genero Berdintasunari buruzko zikloak lodifobiari eta elikadura-portaeraren nahasmenduei (EPN) eskainiko die hurrengo hitzordua. Hitzaldia azaroaren 30ean izango da, 19:30ean, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua). Hizlari bi izango dira: Paula Fernández influencer gasteiztarra, 100.000 jarraitzaile inguru dituena Instagramen; eta Elsa Fernández, ACABE-Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Euskadiko Elkartea Araban erakundeko integratzaile soziala. Ekitaldia doakoa da, baina sartu ahal izateko, aldez aurretik lekua erreserbatu behar da www.fundacionvital.eus webgunean.

 ‘Hitz egin dezagun lodifobiari eta EPNri buruz' izenburupean, hitzaldiak azalduko duenez, “arazo hori ez doa elikagaiei buruz, sentimenduei buruz baizik”, eta elikadura-portaeraren nahasmendu batek “berekin dakarrela norbere buruarekin harreman txarra izatea, eta horrek eragina duela norberaren gorputzaren pertzepzioan, eta, ondorioz, jokabide desegokiak edo autosuntsitzaileak erabiltzen direla hobeto sentitzeko eta ondoez hori estaltzeko”.

 Gero eta gehiago dira EPN bat duten eta ez dakiten pertsonak. Orain arte, batez ere anorexia nerbiosoari eta bulimiari lotzen zitzaien; hala ere, betekadagatiko nahasmendua ohikoagoa da, baita bigorexia edo ortorexia ere.  

 Testigantzak 

 Bere esperientzia kontatzen lehena Paula Fernández influencer gasteiztarra izango da, neurri handiko moda-edukien sortzailea eta lodifobiaren aurkako eta gorputzaren onarpenaren aldeko dibulgatzaile ezaguna. Bere hitzetan: “orain nahi duen bezala janzten den klaseko neska lodia, bere gorputza zela-eta berak bizi izan zituen haurtzarotik eta nerabezarotik beste inor pasa ez dadin borrokatzen ari dena”.

Hainbat galderari eta konturi erantzuten saiatuko da, hala nola Nor naiz?, Nola eragin zidan neskato gizen bat nintzela hazteak?, jokabide kaltegarri normalizatuak, espazio segurua, sare sozialak, adierazgarritasuna espazio publikoan, moda adierazpen gisa, estigmak, neurriak, edo ispiluaren teknika, autopertzepzioa eta autozainketa.

 ACABE elkarteak, gaixotasuna tratatzeko eskura dituzten baliabideen eskasia askotan estaliz, nahasmendu horiek dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzeko duen zeregina azaltzeaz gain, honako gai hauek landuko ditu: ‘Zure pisuak ez du zure EPN definitzen, zure ekintzek bai'; ACABE, ‘zure pisua edo zirkunstantzia edozein dela ere artatzen zaituzten leku bat da, sufrimendu oro baliozkoa delako eta berdin tratatzea merezi duelako' eta elkarteak nola lagundu zien eta zergatik azalduko duten testigantzak egongo dira. Bere parte hartzea Deiane Vázquez Garcíaren hurrengo liburuko olerki baten irakurketaren eskutik amaituko da. ‘Catarsis, caos y poder’ liburuaren egilea da Deiane.

 Hitzaldiaren ondoren, parte hartzeko txanda irekiko da, publikoak galderak eta ekarpenak egin diezazkien Paula Fernándezi nahiz ACABEri.

 Nola joan daiteke hitzaldira?

 Ekitaldia doakoa eta jendearentzat irekia da, baina aretora sartu ahal izateko beharrezkoa izango da aldez aurretik lekua erreserbatzea, Vital Fundazioaren webgunean dagoen formulario baten bidez.