Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen testuinguruan (EWWR), Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, lan jardunaldi bat egingo du birziklatze ohiturek bizi kalitatean eta ingurumenean duten eraginari buruz.
Foru Aldundiaren Hondakinen Behatokiak egiten duen lanaren barruan kokatzen da ekimen hori. Behatoki hau tresna aitzindaria eta erreferentea da estatu mailan hondakinen inguruko informazioa eta ezagutza lortzeko. "Birziklatzea eta ekonomia zirkularra gure gizartean gero eta hedatuago dauden ohiturak dira, eta garrantzitsua dira ez soilik ingurumenaren kontserbaziorako, bai eta gure bizi kalitatea hobetzeko ere. Funtsezko tresna dira planeta iraunarazteko eta zaintzeko, eta, horregatik, garrantzitsua da jakitea nola laguntzen diguten gizabanako gisa eta gizarte oso gisa. Era horretako ekimenetan aurrera egiteaz eta haiek ezagutzeaz gain, Hondakinen Behatokiak eskaintzen dituen zerbitzuetan sakonduko dugu. Behatoki horren helburua da erabakiak maila teknikoan hartzen laguntzea, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea optimizatzeari eta Europako legezkotasunera egokitzeari begira", azpimarratu du Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuak.
Jardunaldi hau pertsona interesatuei eta ikuspuntu pertsonal edo profesional batetik jasangarriak diren portaerekiko erantzukizuna dutenei zuzenduta dago, eta azaroaren 22an eta 23an egingo da, Gasteizen. Honako gai hauek landuko dira, besteak beste: zer alde dagoen ingurumenaren arloan pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren artean; zer lotura dagoen bizi kalitatearen eta ingurumenaren zaintzaren artean; zenbat elikagai alferrik galtzen dugun; eguneroko zer ohitura eta keinu landu ditzakegun maila pertsonalean eta kolektiboan, edo nola eragin daitekeen arlo horretako erabakiak hartzean. Horiek guztiak zuzenean lotuta daude Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzearekin.
Programak Behatokiaren beraren eta foru erakundearen taldea izango du, bai eta, besteak beste, hauexek: Victor Irigoyen, Naturan Oinarritutako Konponbideen Behatokiko (CONAMA) zuzendarikidea , Estíbaliz Sáez de Cámara EHUko Jasangarritasun zuzendaria, eta Impact Hub-eko Alberto Alonso eta Cristina Sancho, zeinak adituak baitira ingurumenaren gaineko eraginaren azterketan, ekonomia zirkularrean eta proiektu birsortzaileetan.
Jardunaldiak balioko du, halaber, Arabako kuadrilletan garatzen ari diren proiektu berritzaileak kontrastatzeko eta azken urtean gure lurralde historikoan egin diren lehenengo ekobarometroaren eta hondakinen karakterizazioaren emaitzak aurkezteko.