Goikolarra auzoak laster izango du Gautxori, gaueko autobus-zerbitzua. Irailean bizilagunekin egindako bileran Trafiko Zerbitzuak eta TUVISAk aurreratu zuten moduan, Goikolarra eskatu beharreko geltokiaren aukera izatetik gaueko garraio publikoko lineetako ibilbide iraunkorrean sartzera igaroko da. Zehazki, geltoki-tarte espezifiko bat prestatuko da aldez aurretik hala eskatzen duten pertsona guztientzat.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik jakinarazi duten bezala, Gautxori zerbitzuaren konfigurazioa egiteko, kontuan izan dute Goikolarrako bizilagunek egindako eskaera. Tranbia Salbururaino luzatzen hasi ziren joan den apirilaren 11n eta, horren harira, garraio publikoko lineen diseinu berria egiten ari da TUVISA. Diseinu berri horrekin lotuta dago zerbitzu berria.

Gautxori linea guztietara hedatutako zerbitzua da, emakumeen eta 18 urtetik beherakoen segurtasuna hobetzeko asmoa duen zerbitzua.

Gautxoriko linea bakoitzean eska daitezkeen eskaripeko geldialdiak

G1

Eguneko lineen geltokiak:

  • Gasteiz hiribidea, 54 (L1)
  • Gasteiz hiribidea, 86 (L1)
  • Intermodala (L4)
  • Frantzia kalea 23 (L3-4)

Beste leku batzuk, kale hauetan: Gasteiz hiribidea, Konstituzio plaza, Honduras kalea, Arriagako atea,Frantzia kalea, Presa kalea, Abetxukuko Eliza, Kristo kalea, Intxaurrondo kalea eta Abetxukobidea.

G2

Eguneko lineen geltokiak:

  • Izarbenta / Errekaleor (L10)
  • Iliada 10 (L6)
  • Florida / Judimendi (L7)

Beste leku batzuk, kale hauetan: Izardui Komandantea, Zumakadi ibilbidea, Antonio Amat Maiz,Joan Karlos I.a eta Florida.

G3

Eguneko lineen geltokiak:

  • Gaztela 36 (L4-6)
  • Gaztela / Etxezarra (L4-6)
  • Mariturri / Sofia Erregina (L6)
  • Nazio Batuak / Mariturri (L10)
  • Adriano VI.a / Bustinzuri (L1-5 -7)
  • Adriano VI.a,1 (L5-7-10)

Beste leku batzuk, kale hauetan: Gaztelako atea, Sofia Erregina, Mariturri, Giza Eskubideak, Nazio Batuak, Pedro Asua eta Adriano VI.a.

G4

Eguneko lineen geltokiak:

  • Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 34 (L7)
  • Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 78 (L2)
  • Oto hiribidea 2 (L5)
  • Donostia 49 (L5)
  • Jose Atxotegi / Txagorritxu (L7)
  • Pedro Asua / Tomas Zumarraga Dohatsua (L2-5-7)
  • Adriano VI.a / Bustinzuri (L1-5-7)
  • Adriano VI.a,1 (L5-7-10)

Beste leku batzuk, kale hauetan: Gasteiz hiribidea, Ozeano Atlantikoa, Pedro Asua eta Adriano VI.a.

G6

Eguneko lineen geltokiak:

  • Florida / Judimendi (L7)

Beste leku batzuk, kale hauetan: Andaluzia, Joan Karlos I.a eta Florida.

Nola funtzionatzen du?

Bi aukera

Zerbitzua abiarazteko, bi irtenbide aukeratu dira:

  • Eguneko zerbitzuetan funtzionatzen duten geltokietan nahierara jaisten uzteko eskatu ahalko da.
  • Berez geltoki ez diren lekuetan ere jaitsi ahalko da, zenbait segurtasun baldintza betez gero. Aurreikusi gabeko leku batean autobusetik jaitsi nahi dutenek gidariari eskatu beharko diote, aurreko geltokian. Autobusaren aurreko aldera joan beharko dute jaisteko.

Baldintzak

Erabiltzailearentzat arriskurik ez sortzeko moduan jaitsi beharko da. Hori dela eta, espaloia dagoen lekuak izan beharko dute.

Ibilgailuak ezingo dira gelditu izkina, bidegurutze nahiz bidebanatze batetik 5 metro baino gutxiagora, ezta irlatxo, erdibitzaile, trenbide-pasagune, bizikleta-pasabide, oinezkoen pasabide eta espaloi beheraguneetan ere. Zubi eta pasabide jasoetan nahiz horien azpian ere ezingo dira gelditu.

Autobusek ezingo dituzte ibilgailuak eraikinetara sartzeko pasabideak oztopatu, horiek behar bezala seinaleztatuta badaude, ezta pertsonak eraikinetara sartu nahiz horietatik ateratzeko erabilera normala oztopatu ere.

Zirkulatzen ari diren gainerakoen ikusgarritasuna oztopatzen duten lekuak ere saihestuko dira.