Asteburu honetan, Liburutegien Eguna (urriak 24) aurreratuko da Liburuak Trukatzeko Azoka Iradier Arenara itzulita. Larunbatean eta igandean, larunbatean goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (17:30-20:30), eta igandean goizez bakarrik, Iradier Arena liburuz eta ipuinez beteko da. Izan ere, dagoeneko irakurrita ditugun liburuak oraindik ere ezagutzen ez ditugun istorio berriekin ordezkatzeko aukera egongo da bertan. Guztira, pertsonako gehienez 5 liburu trukatu ahal izango dira eta XIII. Edizio honek baldintza berri bat ere izango du: 2000tik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira, truke horien kalitatea eta gaurkotasuna hobetu nahian.
Aurreko edizioetan bezalaxe, aurten ere ez dira honako hauek onartuko: testu-liburuak, unibertsitateko liburuak, informatikakoak, liburu teknikoak, geografiakoak, ikerketa soziodemografikoen ingurukoak, azpimarratutako zatiak dituztenak, hautsita daudenak, egoera txarrean daudenak, bidaia-gidak eta solteko liburukiak.
Baina ez dira partikularren liburuak soilik trukatuko. Izan ere, Liburutegien Sareak 5.000 liburu baino gehiago jarriko ditu trukerako eta, hala, horiei esker, eskaintza ugariagoa izango da.
“Hitzordu hau asistentzia-datu onak eta balorazio positiboak lortu dituen ekimen arrakastatsua izateaz gain, 2009an egindako lehen edizio hartatik helburu argiak izan dituen egitasmoa da: irakurketa bultzatzea, gure bildumetan jasota ditugun aleak berritzea, bigarren bizitza bat emanez jasangarritasuna sustatzea eta gure apaletan estatiko dauden liburuak berriro ere zirkulazioan jartzea. Horrez guztiaz gain, udal-liburutegietan egiten duten lan bikaina eta bertako jarduera handia hedatu eta horri balioa eman nahi diogu”, gogorarazi du Sonia Díaz de Corcuerak.
Gainera, publiko guztiei (baina batez ere haurrei eta familiei) zuzendutako jarduera ugariko egitaraua antolatu da:
- Larunbatean, urriaren 21ean, Mama Crea konpainiak ‘Desiderata’ lanaren bi emanaldi eskainiko ditu 11:30ean, eta 18:00etan. Lan elebidun hori ospitale batean oinarrituta dago. Bertako pazienteak liburuak dira, eta sendabidea, aldiz, ikasketa. Irakurketako eta idazketako espazioak eta objektuak mimatzearen esperientziaren bidez, zainketek duten garrantziari buruzko gogoeta egitera bultzatzen duen lana da.
- Urriaren 22an, igandean, 11:00etatik 13:00etara: txotxongiloak sortzeko haurrentzako tailerra. Ele bitan.
- Urriaren 22an, igandean, 12:30etik 13:30era. Perli eta Koxkolok “Kolorez jantzia”, euskarazko ipuin-kontaketa musikala, eskainiko dute. Ipuinen, musikaren eta ilustrazioen bidez, pertsona bakoitza berezi bihurtzen duten aldeak erakusten ditu. Beste nolabait esanda, gizaki bakoitzaren berezitasunei egindako omenaldi modukoa da.
- Asteburu osoan, Euskadiko Diseinu Eskola publikoko, ID-arteko, ikasleek Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketan egindako ilustrazioak eta ipuin irabazleak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai.