TUVISAko Elektromugikortasun Zentroaren bigarren faseko obrak amaitu dituzte eta, hala, Yarritu S.A. enpresarekin sinatutako kontratuan ezarritako datak bete dira. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak eta alkateordeak baieztatu du duela urtebete Zadorra hiribideko haztegi zaharraren partzelan hasi zituzten lanak amaitu dituztela.
Bost milioi eurotik gorako inbertsioa izan dute obrek eta Europako finantzazioa jaso dute. Amaitu berri dituzten garajeen modulu honek 22 autobus elektriko aparkatzeko eta horietako 20 kargatzeko lekua izango du. Lehen faseak, ondoko lursail batean, 22 dartsena eta beste 14 birkarga elektrikorako puntu ditu. “Urrats sendoak egiten ari gara garraio modernoa, erosoa, irisgarria eta garbia izateko. Hiri jasangarriago eta bizigarriago baterantz goaz, zerbitzuak indartzen ari gara eta pertsonen beharretara egokitzen ari dira. Espazio honetan garatu ditugun obrek erakusten digute hiri mugikortasunaren eta garraio publikoaren zer eredu nahi dugun etorkizunean. Puntako mugikortasun elektrikorako zentroa eraiki dugu eta planeta berdeagoa eta jasangarriagoa sustatzeko ekarpena egingo du. Gehien kutsatzen duten ibilgailuek lekua utzi behar diete isurpenik gabeko garraiobideei eta gure apustua sendoa eta azpiegitura hauen aldekoa da arlo horretan”, adierazi du Artolazabalek.
Saileko arduradunak zehaztu duenaren arabera, datozen asteetan egingo dituzte instalazioen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren proba guztiak. Egun, unitate elektriko guztiak, BEIrenak hain zuzen ere, lehenengo fasean daude aparkatuta eta kargatzen. “Autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatuta dugu dagoeneko. Unitate guztiak eremu honetan aparkatu eta kargatzen dira, eta urratsak egiten ari gara gainerako flota elektrifikatzen dugun heinean, prestazio berberak eduki ahal izateko”.
Lehen bi faseen ondoren, partzela horretan bertan, markesina berriak, bulegoen eraikina, tailerrak, biltegia eta langileentzako gelak eraikitzeko lanak egingo dira.