Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak datorren 13an itxiko du Berdintzen 2023 izeneko lau beka eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea. Beka bakoitza 7.500 eurokoa da, euskararen eta genero berdintasunaren arloko ikerlanak bultzatzeko eta "generoari eta hizkuntzari buruzko jakintza esparrua osatu eta sendotzeko".

Ildo horretatik jarraituz, zehazki, Eusko Jaurlaritzatik beka aurkezterakoan azaldu zutenez,  beka horien bidez, euskararen eta genero-berdintasunaren arloko ikerketa-lanak bultzatu nahi dira, eta, horrela, generoa eta hizkuntza gurutzatzen dituen ezagutza-esparrua osatu eta indartu. Honako haiek izango dira gaiak: Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak; Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren Euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak; Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…) eta Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Iazko deialdian honako lau ikerketek jaso zuten Berdintzen beka: Sukaldetik agorara: Euskaraz idatzi duten emakumeak “lurralde ilunetik” argitara ateratzeko bidean (Miren Elixabete Perez Gaztelu eta Leyre Arrieta Alberdi); Osakidetzako Zumarragako ospitalean hizkuntza inklusiboaren monitorizazioa (Miren Mujika Garate); Xuka eta noka Ipar eta hego: emakumeekin solasean (Uxoa Elustondo Arzallus eta Irantzu Epelde Cendoya); Hizkuntza, generoa eta kirola. Euskararen erabilera eta genero-irudikapena herri mailako lasterketetan (Alazne Mujika Alberdi).